
KOLONBIA
Chocó: Bakearen haziak
Testua: Tierra de Paz Erakundeko Ikerketa Taldea / Argazkiak: Carlos Henao
Lurraldeak / Bakearen erronka / Chocó: Bakearen haziak
Atrato ibaiaren ertzean, Kolonbiako tropiko betean, fatxada neoklasikoa eta arku moriskoak dituen eraikina dago. Quibdoko (Choco departamenduko hiriburua) Apezpiku Jauregia da, bertako herritarrek Komentu deitzen diotena. Misiolari klaretarrek arkitekto katalan bati agindu zioten 40ko hamarkadan eta euren bizileku egin zuten jauregia, jende atseginez eta paisaia zoragarriz osaturiko lurralde horretan. Azken hogei urteetan, bizileku bihurtu da, gerraren erdian, bakea eratu nahi duten chocoar askorentzat.
Komentura 90eko hamarkadan iritsi ziren Kolonbiako Autodefentsa Batuen (AUC) kanpainek eragindako lehen lekualdatuak, Armadaren laguntzarekin, Uraba eta Atrato Behea hustu ondoren. Une horretan jaio zen ADACHO, Chocoko lurretatik kanporatutako pertsonen erakundea, baita Chocoko Etnia Arteko Elkartasun Foroa (FISCH) ere, departamenduko erakunde afro eta indigenen elkarrizketarako plataforma handia. Bertan sortu zen, geroago, PACIPAZ ituna, eta erakunde horiek ahaleginak egiten jarraitzen dute Pazifikoan bakea aurkitzeko.
Albeiro Parra aita dugu zain Komentuan, Diozesiko Giza Eskubideen ordezkaria. Hark 1978tik egiten du lan Chocoko komunitateekin eta erakundeetako hainbat pertsona gonbidatu ditu gaur aurrez aurre dituzten erronkei buruz hitz egiteko. Chocoko biztanleek ondo dakite zenbait ahok bakar batek baino hobeto kontatzen dutela istorioa. Urteetan hori erakutsi diote gatazkaren gortasunean murgilduta egon den herrialde honi.
Paramilitarismoak ere berriz hartu ditu armak —Kolonbiako Autodefentsa Gaitanistak buru direla— eta horrek gerrako urterik okerrenak berpiztu ditu departamenduan.
Halere, Chocoko biztanleek ez dute erraz amore ematen.

RAMIRO RODRÍGUEZ
Etnia Arteko Foroko bozeramaile eta COCOMACIA kontseilu komunitarioko kidea
“
Guk elkarrizketaren aldeko apustua egin dugu beti. Aktore armatua gure lurraldera iristen zen bakoitzean, guk honako hau esaten genien: ipuin hau ez da amaitzen bala batekin, elkar ulertzen baizik
Elkarrizketaren bidetik, Bakearen aldeko Eskualdeko Agenda jaio zen Chocon eta, 2015ean, bake-prozesuarekin lotutako afrikarren, indigenen eta emakumeen aldarrikapenak jaso zituen. Horien artean zeuden, besteak beste, aktore armatu guztien erreparazio osoa, komunitateen planekiko eta bizi-proiektuekiko errespetua, eta gatazkako biktimek herrialdeko erabakietan parte hartzeko aukera. Choco departamendurako justizia soziala eskatzen zuten, bertan, Estatuak interes pribatuak ezkutatu baititu historikoki, herritarrak alde batera uzten zituen bitartean.
Era berean, hainbat hamarkada iraun dituen gerra horren egia argitzeko batzordea sortzea proposatu zuten, beste inork baino lehen.
ESAUD LEMUS
ADACHO erakundeko liderra
“
Chocoko biktimek beste inork baino lehenago planteatu genuen hori: aktore armatuek gure etxeetatik zergatik irtenarazi gintuzten jakin behar genuen, gure lurrak zergatik kendu eta bertatik zergatik lekualdatu gintuzten, gure liderrak zergatik hil zituzten, eta gure gizarte- eta familia-ehunak zergatik apurtu zituzten. Zergatik nahastu gintuzten gurea ez zen gerra horretan?
Erakundeen mesedetan, Agendako hainbat proposamen Akordioen Kapitulu Etnikoan jasota geratu ziren. Baina 2016ko urrian horiek berretsi behar zituen plebiszituak sekulako zartada eman zion ilusioari: Akordioei emandako ezetzak, Uribe Vélez presidente ohia buru zela, baietzari irabazi zion, alde eskasarekin. Horiek onik atera ahal izateko, Kongresuan berriz negoziatu zituzten, Uriberen Zentro Demokratikoaren oposizio iraunkorrarekin.
Akordioak «txikitzeko» banderarekin garaipena lortu ondoren, alderdi bereko presidente berriak, Iván Duquek, argi eta garbi adierazi du Estatuak ez duela fondorik Habanako konpromisoak ezartzeko. Bake-prozesua ez da sartzen haren agendako lehentasunen artean. Momentuz, Askapen Nazionalerako Armadarekin (ELN) aurreratzen ari ziren elkarrizketak adia galduta daude eta agintariak ez du bere negoziazio-taldea izendatu.
«Guretzat», dio Albeiro aitak zentzu horretan, «bake-prozesua bakarra da, eta FARC taldearekiko Akordioak, horien ezarpena eta ELNrekin mantendu behar diren elkarrizketak hartzen ditu barne. Erabakigarria da Akordioak ezartzen eta hitz egiten jarraitzea».