
HONDURAS
Diskriminazioaz gaixotutako herrialdea
Testua: Equipo Investigador Tierra de Paz / Argazkiak eta bideoak: Francesca Volpi
DONNY REYES
Arcoíris LGTBI elkartea
Lurraldeak / Etengabeko arriskuan / Diskriminazioaz gaixotutako herrialdea
Hondurasen, egunero irainak, umiliazioak eta erasoak jasan behar izatea esan nahi du gaya, lesbiana edo transexuala izateak. Torturatu edo hil egin zaitzaketela sentitzea bezala da, zarena izateagatik bakarrik

Hamabost urte zituela, Donny Reyesek bere herria utzi (Choloma ibaiertzean, Honduras iparraldean) eta Estatu Batuetara aldera abiatu zen. Bere gurasoak jende xumea ziren, baina oso estimatuak herrian: Ur Batzordeko kide ziren, baita ikastetxea eraikitzeko batzordekoak ere. Donnyk berak lagun arteko klub batean parte hartzen zuen, eta liburuak pilatzen zituzten etorkizunean liburutegi bat egin ahal izateko.
Baina Donny lekuz kanpo sentitzen zen. Ez zuen zapatagilea izan nahi, bere aitak arratsaldero erakutsi nahi izaten zion moduan, eta nahiago zuen denbora bere lagunekin igaro. Telebistaz, sastatu egiten zituzten trabestiei eta HIESaren gaixoei buruzko albiste ikaragarriak ikusten zituen. Ez zuen ipurdi-zalea izan nahi, mespretxuz deitzen zieten moduan. Baina gizonak gogoko zituen. Ihes egin zuen, «bere gurasoei lotsarik ez sentiarazteko».
Donnyk bezala, Hondurasko homosexual askok ia haurrak direla ihes egiten dute euren etxeetatik, askotan, familiek baztertuta. Donnyk bere kabuz erabaki zuen ihes egitea, eta, segurtasun-arrazoiengatik, itzuli ez zedila gomendatu zion bere aitak.
Estatu Batuetan, euren sexualitatea askatasunez bizitzen eta adierazten zuten LGTBI asko ezagutu zituen. Bost urte geroago, Hondurasera itzuli zen bere herrialdean gauza bera egiteko asmoz. Tegucigalpan jarri zen bizitzen, eta HIESari aurrea hartzeko borroka egiten zuen Prisma izeneko gay-elkarteko kide egin zen. 2003an, Arcoíris LGTBI elkartea fundatu zuen lagun lesbiana batekin eta beste lagun transexual batekin, Obeliskoaren Parkearen ondoan, trans emakumeek prostituzioa gauzatu ohi zuten lekuan.
«Denoi irekitako elkartea sortu nahi genuen: lesbianei, bisexualei, gayei, transexualei eta intersexualei. Libre eta seguru sentitzeko lekua». Parkean lan egiten zuten trans neskek, batez ere, babeslekua behar zuten kaleko erasoetatik babesteko.
Euren lehen proposamenak aurkeztu zituztenean, Osasun Idazkaritzan eszeptizismoz so egin zieten: Nola bururatu zitzaien lesbianak, gayak eta transexualak elkartzea? «Sexu-aniztasuna bere osotasunean jorratu zuen lehen elkartea izan ginen», dio. «Komunitatetik, komunitatean eta komunitatearentzat lan egitea erabaki genuen, gure nortasunari eusteko, diskriminazioaren kontra borroka egiteko eta pertsona moduan hazteko».
Hamabost urte geroago, honako gai hauen inguruko lantegiak egiten jarraitzen dute: sexu-hezkuntza, buru-estimua, HIESaren prebentzioa, lidergoa, sexu-identitatea eta generoaren adierazpena. Era berean, euren eskubideen aitorpen legala eta soziala lortzeko borroka egiten jarraitzen dute. Hondurasek zer nolako bilakaera izan duen galdetzean, Donnyk honako hau erantzun digu: «gero eta homofobia, lesbofobia eta transfobia gehiago dago».