“

Arcoiris LGBT elkartea adierazpen publikoa egiten telebista hondurarrerako, Ministerio Publikoaren parean, Tegucigalpan.

arcoiris-02

2009ko estatu-kolpearen ondoren, Honduras indarkeria-gurpil baten barruan sartu zen eta, 2011n, munduko herrialderik bortitzena zela adierazi zuten. Oraindik ere bere horretan jarraitzen duen indarkeria horrek bereziki astindu du LGTBI komunitatea.

Giza eskubideen defendatzaileek bizi duten egoerari buruzko errelatore berezi Michael Forstek adierazi duenez, azken hamar urte hauetan sexualitate desberdineko 295 pertsona erail dituzte, Amerika Latinoko beste edozein herrialdetako zifrak bikoizten dituen per capita tasa. Azken bi urteetan bakarrik, 40 hilketa kontabilizatu dira eta horietatik %5ek bakarrik izan dute jarraipena epaitegietan.

Zifrak are altuagoak izan daitezke, horietako asko ez baitira hilketa moduan salatzen. Landa-eremuetan batik bat, trans edo gay baten familiari gehiago kezkatzen dio ehorzketarako «gizonaren» gorpua janzteak. Beste delitu batzuen biktimek –irainak, erasoak, jipoiak, bortxaketak– ere ez dituzte salaketak jartzen, euren sexu-identitatea ezkutuan mantentzeko edo poliziarekin kontaktua saihesteko. Arcoíris elkartearen Indarkeria Behatokiak emandako datuen arabera, erregistratutako eraso guztien %50 poliziak berak gauzatzen ditu, bere egoitzetan.

Polizia-agenteek Poliziari eta Gizarte Bizikidetzari buruzko Legeari heltzen diote, haren arabera, poliziak 24 ordura arte izan baitezake pertsona bat espetxeratuta, «moduzkotasunari, moralari eta ohitura onei» eraso egiteagatik; gainera, modu arbitrarioan atxilotzen dituzte transexualak, gayak eta lesbianak, estortsioa egiteko edo «eskarmentua emateko». Atxilotu askok nahiago izaten dute mordida ordaindu, ondo baino hobeto baitakite, komisarian, isekak eta jipoiak jasoko dituztela eta, batzuetan, baita bortxaketak eta torturak ere. 2007ko martxoaren 18an, Donny modu arbitrarioan atxilotu eta ziega batean giltzaperatu zuten eta, bertan, bortxaketa ugari jasan zituen.

Erasoa errepresalia izan zen, argi eta garbi, LGTBI eskubideen alde lan egiteagatik: Arcoíris elkarteko lokalaren irteeran zegoen patruila, bere zain. Salaketa nazioarteko erakundeen laguntzarekin aurkeztu arren, eta atxiloketaren lekukoak eta abusuen froga forentseak izan arren, epaileak atxiloketan nahastutako bost agenteetatik lau utzi zituen libre, aginduei jarraitzen zietela esanez. Bosgarrena (beste hiru salaketa zituen aurrez) ez zen epaitegira agertu, eta oraindik ez dute prozesatu.

Hondurasko hedabide gehienek arinkeriaz tratatzen dituzte krimen horiek, eta diskriminazio-patroiak errepikatzen dituzten titulu sentsazionalistak erabiltzen dituzte. Batzuek argi eta garbi erasotzen dituzte LGTB elkarteak, eta diskriminazioaren aurkako kanpainak deskalifikatzen dituzte, horien ordezkarien kontrako gorrotoa sustatzen duten esaldiak erabiliz. La Tribuna, El Heraldo, Hable como Habla eta Abriendo Brecha hedabideek, adibidez, etengabe adoretzen dute gorrotoaren eta etsaitasunaren klima hori, Cattrachas Sare Lesbikoak egindako monitorizatze-lanean jasotzen den moduan.

Asilo-eskaerekin trafikatzegatik ere atxilotu dute Arcoíris, baita kanpoan prostituzio-sareekin loturak izateagatik ere. Hondurasko Sexu Aniztasunaren Batzordeak (CDSH) atzera bota zituen salaketa horiek; CDSH 2013. urtean sortu zen, LGTBI herritarrei eragiten dieten politika publikoak azpimarratzeko. Hura osatzen duten elkarteek (Violeta Kolektiboa, SOMOS LGTBI Garapen eta Lankidetzarako Zentroa, Kukulcán elkartea, Giza Eskubideetarako Cozumel Trans elkartea, IXCHEL Talde Lesbiko Bisexuala, Humanos en Acción elkartea (HUMAC), Arcoíris eta LITOS) Arcoíris elkartearen lidergoa aitortu zuten LGTBI herritarren giza eskubideak sustatu eta defendatzeko orduan.

«Eraso horiek LGTBI komunitatea zatikatzea eta suntsitzea dute helburu», adierazi du Donnyk. «Horregatik, guretzat oso garrantzitsua da elkarteen, erakundeen eta nazioarteko iritziaren babesa jasotzea».

2016an, Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak (CIDH) kautelazko neurri kolektibo batzuk adostu zituen elkartearentzat, eta Estatuaren gain utzi zuen elkarte horietako buruzagien bizitza eta osotasun fisikoa bermatzeko ardura. 2015etik 2016ra Hondurasen hil zituzten giza eskubideen 16 defendatzaileetatik 10 LGTBI komunitateko kideak ziren, horietatik 6 Arcoíris elkartekoak.

© 2019 vocesdefensoras.org    LEGE OHARRA | PRIBATUTASUN POLITIKA | COOKIEAK | KREDITUAK | KONTAKTUA