EMMANUEL BARRIENTOS

Arcoiris elkarteko kidea

“

Hondurasko ikastetxeetan ez dago sexu-hezkuntzarik. Irakasleek ere diskriminatu egiten dituzte gainerakoak bezalakoak ez diren ikasleak, eta bullyinga sustatzen dute

Bazterkeriaren eta estigmatizazioaren kate luzearen lehen maila da eskola-jazarpena. Oro har, biktimek hezkuntza-sistema utzi eta lan-merkatuari egin behar izaten diote aurre, inolako erremintarik gabe, baina hor ere jasaten dituzte jazarpenak eta estigmatizazioa. Askorentzat kalean prostituzioa gauzatzea da aukera bakarra, are indarkeria larriagoaren arriskuan jarriz. Hori da, esaterako, askeagoak izateko landa-eremutik hirira ihes egin behar duten mutil homosexual askoren istorioa.

Unibertsitatera iristea lortzen dutenek ere ez dute estigmatik ihes egitea lortzen. Euren sexu-orientazioa ezkutuan mantentzen ez badute, bullyingaren jomuga bihurtzen dira berriz ere, beste ikasle batzuen aldetik nahiz irakasleen aldetik. Irakasleek behin baino gehiagotan egin diote uko LGTBIei eskolak emateari. Horietako askorentzat, «armairutik irtetea» erabaki onartezina da: lan-aukerak galtzea eta bezeroen, lagunen eta senitartekoen gaitzespena jasotzea esan nahi du. Bestalde, «sekretua gordetzeko» aukerak xantaia, eraso eta bortxaketen eraginpean uzten ditu, eta ez dira horiek salatzera ausartzen.

«Larritasun eta bakardade handiko bizitzak dira», dio Emanuelek, «etengabeko sufrimendua, eta pertsona asko ez dira hura partekatzera ausartzen».

Berak ere eskolako bullyinga isilpean jasan behar izan zuen zenbait urtetan, etxean gaya zela esatera ausartzen ez zelako. Kazetaritza-fakultatean sartzea lortu zuen, baina han ere erasoak jasotzen jarraitu zuten, eta karrera utzi behar izan zuen. Geroago, telekomunikazioetako operadore izateko lanpostu bati uko egin behar izan zion, lankide batek bere aurkako zirikatze-kanpaina egin zuelako, asteburuetan, LGTBI lokaletan drag queen moduan showak ematen zituela jakin zuenean.

Bere harridurarako, egoera familiarekin partekatu zuenean, babestu egin zuten denek. «Helarazi zidaten errespetua izan da nire bedeinkapena», esan digu, bere izeba Gistelaren etxean. Azken horrek honako hau esan digu, zalantzarik gabe: «guretzat Emanuel da, eta den bezalakoa maite dugu».

Dena den, Arcoíris elkartera jotzen duten gehienek ez dute horrelako babesik izaten. Askok buru-estimuko arazo larriak dituzte, aurrez jasan duten zirikatze endemikoaren eraginez.

«Hori dela eta, gure hitzaldien eta tailerren helburua ez da gaitzea bakarrik», adierazi du Emanuelek, «ahalduntzea eta autoestigmatizazioaz aske geratzea baizik».

Helburu horrekin, Emanuelek Berdintasunaren eta Ekitatearen lege-proiektuaren orientatzaile lan egiten du. LGTBI elkarteen proposamen horrek euren eskubideak gainerako herritarren eskubideekin homologatu daitezen lortzea du helburu. Bere drag-showekin jarraitzen du, orain, sexu-aniztasuna gizartean ikusgai egiteko. Hamabi urte igaro ondoren, bera ere ahaldundu egin da eta unibertsitatean izena eman du berriz ere.

Ikerketen berriemaile izatea da bere desira, LGTBI komunitatearen arazoak eta komunitateko kideen aurka egiten diren krimenak argitara emateko. «Badakit arriskutsua izan daitekeela», dio, «baina ez dut amore emango».

© 2019 vocesdefensoras.org    LEGE OHARRA | PRIBATUTASUN POLITIKA | COOKIEAK | KREDITUAK | KONTAKTUA