
GUATEMALA
Ama Lurraren aldeko borroka
Testua: Tierra de Paz Erakundeko Ikerketa Taldea / Argazkiak: James Rodríguez
Polochicen, 80. hamarkadako egoerara itzultzeko beldurra dute, orduan iritsi baitzen gerra puntu lazgarrienera
Estatuak ez du ia inbertsiorik egiten osasun edota hezkuntzan, eta horrek esplotatuta bizitzera behartzen ditu, euren gurasoak bezala
“Nola izango ditu armak, bada, baserritar indigena batek?
Euren komunitateen etorkizuna eraikitzeke dago oraindik
MARTÍN CHI CUZ
Esfuerzo Túnico Nekazari Komunitateko (Polochic Haranean, Guatemalaren ipar-ekialdean)
Lurraldeak / Lurra edo bizia / Ama Lurraren aldeko borroka
Polochic Haranean komunitateak zeuden. Ez zegoen finkarik. Gero, armada etorri eta handik irtenarazi gintuen, etxeak eta laboreak suntsituz. Itzultzerako, finkak jarrita zeuden

Haranaren mendi-hegaletik, lurraldea okupatzen duten bananondo eta azukre-kanaberen plantazioak erakusten dizkigu, belaunaldiz belaunaldi euren arbasoak bizi izan diren eta euren arbasoek erein dituzten lurretan.

Guatemalar guztien %40 bezala, Martin ere indigena da, kektxi maia etniakoa. 1982an, armadak tiroka irtenarazi zuen handik bere komunitatea, gerrillaren konplizeak zirela esanez. Ehunka komunitatek indarkeria horixe bera jasan behar izan zuten 1960tik 1996ra, Guatemala guztiz hondatuta utzi zuen gatazka armatu luzean. Herrialdean milioi bat lekualdatu zeuden 1996an bakea sinatu zenerako, horietatik %98 indigenak. Indigena guztien milioi laurden bat hil zituzten, Espainiako konkistatik Latinoamerikan erregistratu den genozidiorik handienean.
Martinen aitona ere soldadu batek hil zuen, bere burua babesean jarri baino lehen. Komunitateko gainerako kideek haranaren mugan hartu zuten babesa: 88 familia ziren eta La Esperanza izeneko herrixka eraiki zuten, ereiteko edo bizitzeko ia lurrik ez izan arren. 1997an, euren lurraldera itzuli eta El Murciélago bananondo-finka aurkitu zuten bertan. Eskuzabaltasunez, haren titularrak, Miguel Ángel Arriazak, lana eskaini zien.
«Kuadrillek goizeko 4etatik gaueko 9etara lan egiten zuten», esan digu Adán Xopopek, komunitateko beste kide batek. Adán umea zen orduan, eta lur jota ikusi behar izan zituen bere gurasoak, bananondo-mordo amaigabeen artean. «Ez zegoen atseden-egunik, ezta oporraldirik edo 14. bonurik (aparteko paga) ere. 26 ketzal (3 euro) ordaintzen zizkieten kintzena bakoitzeko».
Hamabost urtez ia esklabotasun-egoeran lan egin ondoren, 2011n, komunitateak Nekazarien Batasuneko Batzordera (CUC) jo zuen euren eskubideen inguruan aholku hartzea. Berehala, Arriazak kaleratu egin zituen: lehenengo buruzagiak, eta gainerako guztiak protesta egiten hasi zirenean. Urte horretan bertan, haraneko 14 komunitate kanporatu zituzten miseriak bultzatuta okupatu behar izan zituzten beste onibar batzuetatik. Irtenarazte basati horiek nazioarteko prentsara eraman zuten Guatemalako landa-eremuan bizi zuten drama humanitarioa.
Esfuerzo Túnico komunitateko langileek behin eta berriz eskatu zuten berriz hartu zitzatela, premia hutsagatik». Azkenik, 2016an, euren bizilagunek bizitu zuten arrisku bera bizitzea erabaki zuten: itxiturak zeharkatu, lursail bat garbitu, etxetxoak eraiki eta artoa landatu zuten.

Memoriak idatzi zizkieten agintariei, inbaditzaileak ez zirela esanez: euren arbasoen lurraldea berreskuratzen ari ziren. Ez zuten erantzunik jaso.
Arriaza familiak demanda jarri zuen, bere jabetza inbaditzeagatik. Handik hiru hilabetera, tokiko epaile batek handik irteteko agindua eman zien. 2016ko urriaren 16an, 1.800 polizia-agentek komunitatea handik bota eta horien etxeak eta laboreak suntsitu zituzten berriz ere, helikopteroek eta finkako langile armatuek lagunduta. 100 agente inguru geratu ziren El Murciélago finkako segurtasuna bermatzen.
Agenteek guardia egiten dute, oraindik ere, finka horretan. Bestalde, komunitateak hesia gurutzatu du berriz ere. Badakite handik irtenaraziko dituztela eta une horren zain bizi dira, ziurgabetasunez, baina euren sustraiak Chab’il Cho’och lurraldean daude (horrela deitzen diote haraneko txoko honi). Kektxieraz, «lur ona» esan nahi du.