GUATEMALA

Epe luzeko borroka

Estatuak ez du ia inbertsiorik egiten osasun edota hezkuntzan, eta horrek esplotatuta bizitzera behartzen ditu, euren gurasoak bezala

HERMELINDO CUX CHOC

CUC

“

100 komunitateri laguntzen eta aholkatzen diegu

hermelindo-cux-choc

Hermelindo Cux Choc jaunak lehen eskutik sufritu ditu lurraren aldeko borrokaren arriskuak. Hermelindo Panzós herrian jaio zen, gatazka armatuan sarraski adierazgarriaren xede izan zen agerlekua, eta CUC Batzordeko kide egin zen oso gaztea zela. 2004tik, haren Koordinazio Nazionaleko Kontseiluan parte hartzen du. Maien kektxi komunitateko biztanleen (milioi bat eta erdi indigena bizi dira bertan) erreferentziazko irudi bihurtu da eskualdean.

«Euren lurraldeak berreskuratzen laguntzen diegu. Lurrak espainiarrek usurpatu zizkieten lehenengo, diktadurek gonbidatutako kolono alemaniarrek gero, eta agroindustriak, meatzaritzako enpresek eta enpresa hidroelektrikoek orain».

Kektxi komunitateek, dio, ez dituzte okupatzen onibarrak beraienak direlako bakarrik: bizirik jarraitzeko behar dituzte. Jornalari moduan, egunean 30 euro-zentimo irabazten dituzte ozta-ozta, 10 ordura arteko lanaldien truke. Euren nagusientzat azukre-kanabera eta palmondo afrikarra ereiten dituzten bitartean, euren seme-alabek desnutrizioa jasaten dute. Estatuak ez du ia ezertxo ere inbertitzen osasunean eta hezkuntzan eta, beraz, horiek ere esplotatuta bizi beharko dute, euren gurasoek bezala. Gehienek ez dute gaztelaniaz hitz egiten, eta horregatik ere jasaten dute diskriminazioa.

«Gure borroka epe luzekoa da», dio Hermelindok erronka horiei dagokienez. «Ez da nahikoa Estatuak lursailak erosten laguntzea. Sarbideak, ur-zerbitzua, argia eta kapitala eskaini diezazkieten nahi dugu, proiektu iraunkorrak garatu ditzaten. Umeek ikasteko aukera izan dezaten nahi dugu. Euren lurretatik irtenarazi dituzten familia guztiek euren lurraldeetara itzuli eta enpresa guztiek bertatik ihes egin dezaten nahi dugu».

2011n, komunitate bat bere lurretatik irtenarazi zutenean, Hemelindori sekulako jipoia eman zioten, eta ospitalera eraman behar izan zuten. 2016ko irailean, hogei lagun txanodun joan ziren bere etxera; kristalak apurtu eta barrualdera tiro egin zuten. Bere emaztea, anaia eta lagun bat zauritu zituzten, baita bera ere. Poliziak ordubete baino gehiago behar izan zuen hara iristeko. Neska bat eta mutil bat harrapatu zituzten, eta neskak bortxaketagatik salatu zuen Hermelindo. Mutilak ere jo egin ziola adierazi zuen. Aske utzi zituzten berehala. Hermelindo etxera itzultzen saiatu zenean, taldeko beste kide batzuek tiro egin zioten egun-argitan.

Esan digun moduan, erasotzaileak inguruko gazteak dira, marerotzat hartzen dituztenak. Askotan, nekazarien martxetan infiltratzen dira zirikatzeko eta kaosa pizteko. Agintariek eta komunikabideek haien agerpena darabilte lurraren aldeko borroka krimen antolatuarekin lotzeko. Izan ere, marero asko narkotrafikoaren sikarioak dira. Halere, euren «zerbitzuak» eskaintzen dizkiete enpresei ere, komunitateak beldurtuz eta horiei eraso eginez. 2018an, lurraren hamabost defendatzaile hil zituzten sikarioek.

2016tik, Hermelindok CIDHren kautelazko neurriak jasotzen ditu, baina CUCen bulegoetara jo behar izan zuen segurtasun-arrazoiengatik. Bi urte geroago, bertan bizitzen jarraitzen du bere emaztearekin eta alabekin, horiek ere mehatxuak jaso baitituzte. Hermelindok berak ordaindu behar ditu gobernuak esleitu zion polizia-zerbitzuaren gastuak. Dena den, borroka egiten jarraitzen du egunez egun.

Irribarretsu esan digu, berreskuratutako lursail horietako batean, familiek milpa ereiten dutela eta kafea eta kardamomoa ekoizten dituztela eta, beste batean, palmondo nanoak uztatzen dituztela, gero supermerkatuetan saldu ahal izateko. 2011tik, Polochic Haraneko 350 familiak berreskuratu dituzte euren arbasoen lurrak. «Oraindik gainerako guztiak geratzen dira».

Emakumeen eskubideak

«Emakume maiek ez genekien eskubideak genituela», esan digu Paulina Caal Chubek, CUC Batzordeak Panzósen duen bulegoan. «CUCi eta lagundu diguten beste erakunde batzuei esker, beldurra galtzen hasi gara».

Paulina Bella Flor komunitatean jaio zen eta kektxieraz hitz egiten du, Guatemalako indigena gehienek bezala. Bere komunitatean, eskualdeko kontseiluko ordezkari aukeratu zuten. Gaur kontseiluko koordinatzailea da eta, horrenbestez, beste 35 komunitatetako pertsonak bisitatzen, babesten eta gaitzen ditu. Batik bat emakumeei eskaintzen die laguntza eta orientazioa.

«Euren lurretatik irtenarazi zituztenetik, emakume askok beldurra sentitzen dute», dio. «Askok goseak egon behar izan dugu gure seme-alabei jaten emateko. Guk gomendioak eta hitzaldiak ematen dizkiegu, parte hartu dezaten motibatzeko. Lantegiak ere egiten ditugu, beraiek beste emakume batzuk gidatu ditzaten».

Ez da erraza emakumea eta erakunde bateko liderra izatea, aitortu du. Adiskide batzuek ez dute argi ikusten oraindik. Bera ere senarrik gabeko ama da, eta asko kostatzen zaio bere seme-alabengandik aldentzea eskualdetik barrena bidaiatu behar duenean. Bidaia horietan oso arduratsua izan behar du, eta non egongo den jakinarazi behar du beti. «Aurpegi txarrekin jarraitzen eta begiratzen gaituzte», esan digu. «Arriskuan gaude».

Batzuetan, zenbait orduz ibili behar izaten du bere lankide emakumeak ikusteko, horiek baztertuta dauden landa-komunitateetan bizi direnean. Ez daki itzuliko den ere. Baina Ama Lurraren aldeko borrokan aurrera jarraitzeko indarra ateratzen du.

© 2019 vocesdefensoras.org    AVISO LEGAL | POLÍTICA DE PRIVACIDAD | COOKIES | CRÉDITOS | CONTACTO