GUATEMALA
Justiziaren jazarpena
Nola izango ditu armak, bada, baserritar indigena batek?
Lurraldeak / Lurra edo bizia / Ama Lurraren aldeko borroka / Justiziaren jazarpena
Jazarpen judizialen biktimen artean, Maria Magdalena Cuc Choc dugu, El Estor-eko buruzagi maia, Izabal laku handiaren ertzean kokatuta dagoen udalerria. Bere eskuekin eraikitako egurrezko etxean hartu gaitu, bere lau seme-alabekin bizi den etxean, La Unión auzoan.
«Enpresariek ez dute gogoko guk ozen hitz egitea», esan digu. «Jarraitu eta kriminalizatu egiten gaituzte; egiten ez ditugun gauzengatik salatzen gaituzte. Baina jarraitu egin behar dugu».
Defendatzaileen familiakoa izanik, Maria hamahiru urte zituela hasi zen parte hartzen lurra berreskuratzeko ekitaldietan eta martxetan. Ikasi eta irakasle egin zen, bere komunitateko gizon batzuen aldetik gaitzespenak jaso arren. Ondo daki gaztelaniaz, eta itzultzaile lan egiten hasi zen Puerto Barrioseko epaitegietan; haran osoko jendea joaten zaio hara, beste emakume indigena batzuk batez ere.
«Gaztelaniaz hitz egiten ez dutenez, diskriminatu egiten dituzte», dio. «Horietako asko bortxaketen eta genero-indarkeriaren biktimak dira. Nik orientatu eta lagundu egiten diet». Hizkuntza eta kultura bera partekatzeak ematen dien konfiantzarekin, emakumeek euren istorioak kontatzen dizkiote. Horrela jakin zituen Lote Ocho komunitateko hamaika emakumek jasan zituzten bortxaketa kolektiboak, poliziak eta Hudbay Minerals nikel-multinazionaleko segurtasun-langileek hustutako komunitatea.
Bere ahizpa Angélicarekin batera, Mariak biktimei lagundu zien salaketa-prozesu nekez horretan. 2011n, Kanadara joan ziren Puerto Barriosen ukatu egin zitzaien justizia eskatzera. Adolfo Ich lider karismatikoa (Angélicaren senarra eta Mariaren koinatua) hil izanaren erantzule gisa ere salatu dute Hudbay, Germán Chub (hau ere La Unión komunitatekoa) desgai utzi zuen legez kontrako irtenarazte-saiakeran. Erasoen kanpaina hark Fénix meatzaritza-proiektuaren onibarrak «garbitzea» zuen helburu, haren isuriek larriki kutsatzen baitituzte lakuko urak.
2018ko urtarrilaren 20an, epaitegitik irtetean, Maria atxilotu eta espetxeratu zuten, eta, hurrengo egunean, usurpazio larriagotuagatik, mehatxuengatik eta legez kontrako atxikipenengatik salatu zutela jakinarazi zioten. Salaketa-egileak, Rodrigo Lainfiesta diputatu ohia eta Pérez Molina presidente ohiaren gertuko laguna, jendea antolatu izanaz salatzen du Maria, hala, Santa Isabel lursaila (Livingston inguruan) okupatu ahal izateko. Era berean, Mariak bahitu egin zuela eta arma pila bat dituela adierazi zuen.

«Nola izango ditu armak nekazari indigena batek?», galdetzen du Mariak.
Livingston komunitateak orientazio eske deitu zion, 2017ko urrian, poliziak bere lurretatik irtenarazi ondoren. Mila poliziak baino gehiagok osaturiko operatibo hura Lainfiestak koordinatu zuen. Mariak salaketa jartzen lagundu zien komuneroei (Puerto Barriosera), baina ez da inoiz izan Santa Isabel finkan, eta ez du diputatu ohia ezagutzen. Molina presidente ohiak berak maiz bisitatzen zuen gune hura petrolio-esplotazioen eta Karibera bideratzen den droga-trafikoaren ardatzean dago.
Epaileak etxe barruko arrastatzea eman zion Mariari, baina kasuak irekita jarraitzen du. Batzuetan, gizon armatuak ibiltzen dira bere etxearen inguruan, gama altuko ibilgailuetan. Mariaren alaba zaharrena ere saiatu ziren eramaten, eta senitartekoekin bidali behar izan zuen. Ez dago karguen froga bakar bat ere. Baina, Guatemalan, horrek ez dio inolako bermerik ematen nekazari indigena bati. Bere iloba Héctor Manuel Choc Cuz inolako arrazoirik gabe torturatu eta hil zuten 2018ko urtarrilean. Bere anaia, Ramiro Choc, hura ere lurraren aldeko borrokaren liderra, sei urte eta erdi egon zen espetxeratuta, lapurreta jarraitua egiteagatik salatuta.
«Epailea, funtzionarioak… Denak daude enpresariekin», dio. «Beti ari dira bilatzen gu nondik kolpekatu. Horregatik, beste herrialde batzuetan ere gurean zer gertatzen ari den jakin dezaten behar dugu».
