GUATEMALA

Lurraren ametsa

Euren komunitateen etorkizuna eraikitzeke dago oraindik

Haranera itzultzean, Río Polochic 2 finkara doan bidea hartu dugu, CUC Batzordeak nekazarien martxaren eta CIDHren neurrien ondoren berreskuratu zuen bost lursailetako bat. Lur gutxi batzuk baino ez dira, iturburu bat irteten den muino baten behealdean. Baina egurrezko eta lastozko etxeak ageri dira fruta-arbolen eta hule-arbolen artean, eta artoa, arroza eta indaba hazten ari dira lurzati txikietan. Handik gertu, ume batzuk dabiltza jolasean, kometa altxatzen duten bitartean.

Lursaila 2016an bereganatu zuen komunitateak, poliziak eta Chabil Utzaj azukre-findegiko langileek familiak handik indarkeria handiz irtenarazi eta bost urtetara. Bizilagunek gogoan dute oraindik goiz hura, findegiko kuadrillek euren etxeak suntsitu eta enpresaren traktorea pasatu baitzuten laboreen gainetik. Poliziak gas negar-eragileak jaurti zituzten, ume asko gaixotuz.

Erasoak denak hartu zituen ustekabean. Izan ere, haraneko komunitateetako ordezkariak findegiko zuzendaritza-taldearekin (Nikaraguako Pellas taldearen jabetza) bildu ziren aurreko egunean, eta azken horiek bizilagunak euren lurretatik ez irtenaraztea hitzeman zieten. Poliziak jabetzatik kanpo babestu bezain laster, familiak euren etxeetako hondamenera itzuli ziren. Eta horiek berreraikitzen hasi ziren.

«Behin baino gehiagotan kanporatu gaituzte», dio, zentzu horretan, Rosendo Macu Chocoj jaunak. «Seme txikia genuen. Ez genekien nora joan».

Ordudanik, beste bost seme-alaba izan ditu bere emaztearekin. Artoa jaso eta egurra mozten duen bitartean, etxe handiagoa eraikitzea amesten du, denak eroso bizi ahal izateko. Gerran, ama galdu zuen eta, gero, armadak errekrutatu egin zuen. Kuarteletan (30 urtez egon zen bertan), armak erabiltzen eta beste indigena batzuk zaintzen erakutsi zioten, baina ez gaztelaniaz hitz egiten, irakurtzen eta idazten. Irten zenetik, lurralde batetik bestera ibili da, lurra izateko ametsarekin.

Elvia Patricia Caal Coc bizilagunarentzat, berriz, bidea neketsuagoa izan da. Bere gurasoek ez zuten eskolara bidali, emakumea zelako, eta, hemezortzi urte bete zituenean, ezezagun batekin ezkonarazi zuten. Egun batzuk geroago, gizon harekin ari zen lotan, plastikozko toldo baten azpian, lursailean bertan. 2009an, kuadrillero batzuk legez kontra irtenarazten saiatu ziren, eta bere senarra eta beste komunero batzuk tirokatu zituzten. Gero, ospitalera joan ziren, bertan hiltzera. Mirari baten antzera, epaileak polizia bidal zezala lortu zuen CUC Batzordeak.

Dena den, bere senarrak zenbait hilabete behar izan zituen sendatzeko. Txikia izan arren, Elviak zutik jartzen lagundu behar izan zion eta hernia bat atera zitzaion. Ozta-ozta biziraun zuten, arropa-garbiketaren truke irabazten zuen diruaz. Alaba bat zuten, baina ez ziren finkara itzultzera ausartzen. Halere, komunitateko kide izaten jarraitu zuten. 2011n, poliziak lurraldea hustu ondoren, martxarekin bat egin zuen, hiribururaino. Lau urte geroago finka erosi zutenean, komunitateko herritarrek diruzain aukeratu zuten, irakurtzen eta idazten ez jakin arren. Bere etxeko tresnak eta lurzatiko landare guztiak zaintzen ikusi zuten.

Gaur egun, bere alabek ikasi dezaten eta beste aukera batzuk izan ditzaten nahi du Elviak. Momentuz, oinez joan behar dute herriko eskolaraino, inguruko finken jabeek galarazi egin baitiete ikastetxe bat eraikitzea. Era berean, komunitateak ez du osasun-zentrorik, ezta oinarrizko zerbitzurik ere. Janaria prestatzeko eta eltzeak garbitzeko, muinotik eraman behar dute ura.

Baina itxaropentsu daude. Rosendok edo bere bizilagun guztiek bezala, euren ametsa lortu duten 350 familia zoriontsu horietako bat dira, familia indigena askok amets hori lortzeko borroka egiten jarraitzen baitute herrialde osoan. Komunitateen etorkizuna eraikitzeko dago oraindik. Baina, orain, beldurrik gabe bizi eta erein ditzakete euren arbasoen lurrak.

© 2019 vocesdefensoras.org    AVISO LEGAL | POLÍTICA DE PRIVACIDAD | COOKIES | CRÉDITOS | CONTACTO