Lurraldeak / Etengabeko arriskuan / Diskriminazioaz gaixotutako herrialdea / Etengabeko arriskuan. trans emakumeak
RUBBY FERREIRA
Muñecas de Arcoíris trans elkarteko diruzaina
Diskriminazioa eta gorrotoa leku guztietan daude. Gauden lekuan gaudela, iraindu eta eraso egiten gaituzte
Trans emakumeen genero-adierazpena ikusgarriagoa izaten da eta, horregatik, sexu-aniztasunarekiko fobia orokortuaren jomuga izaten dira. Horiek dira, halaber, familiaren ukoa eta gizartearen estigmatizazioa gehien jasaten dutenak; askok prostituitu egin behar izaten dute eta, beraz, egoera arriskutsuagoan eta zaurgarriagoan egoten dira.
«Trans adiskide askorentzat, Arcoíris euren familia bihurtzen da», dio Rubbyk. Rubby hamabost urte zituela iritsi zen elkartera, bere gelakideen aldetik jasaten zuen jazarpenaren eraginez eskola utzi ondoren. Berak ere bigarren familia bat aurkitu zuen hemen, baina ez da inoiz aldendu lehenengotik: bere gurasoek eta anaiek errespetatu egin zuten bere emakume-identitatea, horrela sentitu baita neska txikia zenetik.
«Hemen jaso nuen nire sexu-hezkuntza», esan digu, «hemen ahaldundu nintzen, hemen neureganatu nuen nire genero-adierazpena eta hemen ikasi nituen nire eskubideak. Gaur egun zoriontsu naiz emakume transgenero moduan».
Bidea, ordea, oso neketsua izan da, eta hala izaten jarraitzen du. Hondurasko legeriak izenez aldatzea ahalbidetzen badu ere, transek ezin dute beste sexuko izen bat hartu, eta ezin dute dokumentuetako argazkia edo genero biologikoa aldatu. Horrek oztopo gehigarriak sortzen dizkie lanpostu bat bilatu, osasun-zentro batean arreta jaso edo banku-kontu bat irekitzeko orduan. Poliziak «alferkeria» hutsagatik atxilotu ditzake eta, gainera, euren dokumentuak faltsifikatzegatik salatzen dituzte.
Sexu-langile moduan, Rubby eraso itzelen biktima izan da. Gau batean, ezezagun batzuek auto batetik deitu zioten, eta eskutik eutsi eta autoa azeleratu zuten. Beste batean, ustezko bezero batzuek argazki baterako posatu zezatela eskatu zioten berari eta bere lagun batzuei, eta balinez josi zituzten pistola batzuekin. 2015ean, beste bezero faltsu batzuek sekulako jipoia eman zioten, eta begi bateko ikusmena galtzear egon zen. Azken erasoaren ondoren, bere amarekin lan egiten hasi zen, merkatuko postu xume batean barruko arropa saltzen. Dena den, lan horrekin bizirik irauteko baino ez du ateratzen.
Etengabeko zirikak eta etorkizunik eza direla eta, lankide askok Hondurasetik irten behar izan dute. 2018ko maiatzean, Roxana Hernández, HIESa zuen trans emakume bat, hil egin zen Estatu Batuetako mugako poliziaren «hozkailu» tamalgarri horietako batean. Cozumel Trans Giza Eskubideen Elkarteak emandako datuen arabera, hilabete horretan bertan beste 25 trans emakume abiatu ziren iparraldera aldera, etorkinen karabana horretan. 2010. urtetik, LGTBI kolektiboko 250 lagunek jaso dute babes humanitarioa beste herrialde batzuetan.
Bidaia bera oso arriskutsua izan arren (eraso, lapurreta eta bortxaketa gehiago jasan ditzakete), askok euren giza eskubideak gauzatzearekin eta bakean eta aske bizitzearekin amets egiten dute, euren herrialdeak jasaten duen diskriminazioaren gaitzik gabe.
Azken hiru urteetan, Arcoíris familia handiak Juan Carlos Cruz Andara, Angie Ferreira, Violeta Rivas, Génesis Hernández, Jorge Alberto Castillo eta Paola Barraza galdu ditu, horiek guztiak gorroto-krimenen ondorioz. Baita Sherlyn Montoya ere, Muñecas elkarteko trans buruzagi maiteenetako bat; 2017ko apirilaren 4an aurkitu zuten bere gorpua, tortura-aztarnekin. Bere anaia, Darwin Montoya, polizia-etxera kasuaz galdetzera joan zenean, eraildako beste trans neska baten espedientea erakutsi zioten. Ez dago Sherlynen espedientearen arrastorik ere.
Gero, Darwin bera hasi zen mehatxuak jasotzen, eta herrialdea utzi behar izan zuen. Gaur asilo eske dabil Europan, eta ez daki zer egingo duen asilorik ematen ez badiote. Telefonoz, honako hau esan digu, ahots baxuan: «Hondurasera itzultzen banaiz, hil egingo naute»
