Lurraldeak / Bakearen erronka / Chocó: Bakearen haziak / Lurraldea eta hazia
LUCY CHAMORRO
Giza eskubideen defendatzaile eta Chocoko Mahai Indigenako emakumeen koordinatzailea.
Guretzat, indigenontzat, lurraldearen bakea da bakea. Giza eskubideak defendatzen ditugu, baina gure lurraldetik beti. Hori da gure abiapuntua

Atrato ibaia Komentuaren leiho atzean dugula, oso gaztea zela Chocoko lehen erakunde indigenara —OREWA— atxiki zela kontatu digu. 2005ean, Lucyk zuzenean bizitu zuen hura bost erakundetan nola zatitu zen eta, bost urte geroago, Mahai Indigenan bildu eta CAPRECOM Estatuko osasun-enpresa hartu zuten; izan ere, hark paziente indigenak eta afroak diskriminatu eta hiltzen uzten zituen itxarongeletan.
Borroka horietan guztietan, bere lurraldea eta embera dobida herriaren mundu-ikuskera izan dira bere erreferenteak. «Pankonek, naturaren zaindariak, gainezka egin du lurraldean bertan eta lurraldearen kontra gauzatutako indarkeria guztiarekin», azaldu du gaur egungo egoerari dagokionez. «Desoreka horrek komunitateetan eragiten du, gazteen artean, batez ere».
Euren komunitateek bizi duten marjinazioaren biktima eta lekuko gisa, enbera nerabe askok nortasun-krisialdi larriei egiten diete aurre. Estatuko irakaskuntzak ez du ia ezer baloratzen horien hizkuntza edo kultura, euren bizilagunek baztertu egiten dituzte indigena izate hutsagatik, eta euren tradizioekiko deskonexioak are gehiago larriagotzen du komunitateko kide ez izatearen sentimendua. Etorkizuneko aukera eskasak ikusita, askok urkatu egiten dute euren burua, erakundeetan kezka handia sorrarazten duen drama isil horretan. Lucyren babeslekuan bertan, 79k urkatu dute euren burua.
Euren lurretatik kanporatu dituzten eta muturreko zaurgarritasun-baldintzetan bizi diren biztanleen artean ere badira nerabeen prostituzio-kasuak, baita neskatoen artean ere. Landa-eremuko komunitateen beste kezka handi bat nerabe eta emakume gazteen errekrutatzea da, ELNren aldetik.
«Gerrillariak komunitatean agertu eta festak antolatzen dituzte, musika eta alkohola tartean direla», dio Lucyk. «Beraiekin joatera konbentzitzen dituzte neskak eta, itzuli nahi dutenean, ez diete alde egiten uzten; beste batzuetan, neskak ez dira itzultzera ausartzen, familiek uko egingo dietelakoan».
Nerabe mutilak diru-promesak eginez erakartzen dituzte. Azken bi urteetan gora egin dute bi fenomeno horiek.
2016an, Lucy eta Mahai Indigenako bere adiskideak Herrizaintzara gonbidatu zituzten, emakumeari buruzko departamendu-politikak eztabaidatzera. Bi bilera egin ondoren, Emakume Indigenaren Lehen Kongresua deitzea erabaki zuten, politika horiek herriei kontsulta eginez bakarrik erabaki zitezkeela pentsatzen baitzuten. Kongresuan, Chocoko bost etnietako 300 lider emakumek eta 100 lider gizonezkok euren politika-, ekonomia-, gizarte- eta ugalketa-eskubideak sustatzearen alde lan egiteko agindua eman zieten Mahaiko emakumeei.
Horiek egindako lanaren emaitza gisa, Werara argitaratu dute, «naturaren zaintzaren eta emakumearen gorputzaren arteko analogian oinarritzen den hezkuntza-arloko kartila, hazia balitz bezala, beste zuhaitz batzuen babespean hazten dena, eta loreak eta fruituak ematen dituen landare autonomo bihurtzen dena». Komunitateen barne-araudiak eguneratzeko ere egiten dute lan, emakumeek bigarren mailako eginkizun anakronikoa betetzen baitute horietan.
Horien proiektuen artean, desmobilizatutako gerrillari indigenentzako «harmonizazio-zentroa» sortu nahi dute, askotan, komunitateetan uko egiten baitiete euren etxeak utzi eta emakume indigena gisa euren nortasuna galdu izanagatik. Bertan, emakume horiei laguntza psikosoziala, medikuntza-arreta, ikasteko aukerak eta euren jaibaná edo mediku tradizionalen zaintza espirituala eskaini nahi dizkiete, euren komunitateekiko eta familiekiko lotura berrezar dezaten. Gainera, lursaila lortu nahi dute Quibdoko alkatetzaren aldetik, eta proiektua aurrera ateratzeko baliabideak bilatzen ari dira.
Bitartean, elkarrekin lan egiten jarraitzen dute, batzuetan, euren adiskide gizonen aldetik nolabaiteko mesfidantza sentitu arren. «Guk hitz egiten dugunean», dio, «ez dugu erakunde bateko edo besteko ordezkari gisa hitz egiten, emakume indigena gisa baizik. Batasun hori mantentzea da gure eginbeharra. Hori ere bada gure oinarria».
