Lurraldeak / Bakearen erronka / Chocó: Bakearen haziak / Bakearen haziak II
PLÁCIDO BAILARÍN
OREWA erakundeko legezko ordezkaria, Bojayako sarraskitik —gatazkako tragikoenetako bat— bizirik irten zenak
Aktore armatuek fusilak, bonbardaketak, sarraskiak eta lekualdaketak eragiten dituzte. Baina Estatuak ez ditu oinarrizko zerbitzuak ekartzen, ezta osasuna edo hezkuntza ere. Landa-eremuetako komunitateek ez dute argirik, meatzaritza ilegalak kutsatutako ibaietako ura edaten dute eta glifosato bidez lainoztatutako elikagaiak jaten dituzte. Haurrek, guztien artean zaurgarrienek, epidemiak eta desnutrizioa jasaten dituzte

«Chocon gizakia suntsitzen saiatu dira natura hondatzeko», dio Ramiro Rodríguezek. «Natura suntsitzean guztiz txikituta geratzen da gizakia».
Egur-ustiapenek, palmondo-landaketek, koka-soroek eta meatze-dragek suntsipen-dinamika hori areagotu dute, baita gatazkan nahastutako taldeen arteko kanpainek eta borrokek ere. Bitartean, ez da Estatuaren izpirik ere ageri, testuinguru militarrean salbu.
2015era arte, glifosato bidezko aire-fumigazioa erabili zen marihuana-, koka- eta mitxoleta-ereintzei aurre egiteko, eta horrek komunitateen biziraupen-hazkuntzei eragiten die. Gainera, minbiziaren eta malformazio genetikoen eragile gisa identifikatu da. Hura berrartzea Zentro Demokratikoaren baldintzetakoa izan zen Akordioak berriz negoziatu zirenean.
«Kabildoetan», dio Plácidok, «Choco alde batera utzi izana estrategia izan ote zen pentsatzen dute batzuek, pixkanaka, komunitate indigenak desagerrarazteko».
Iván Duqueren hautaketak paramilitarismoaren erasoaldiei bide eman diezaioketela uste dute beste batzuek, 2002an eta 2003an Álvaro Uriberen agintaldiari hasiera eman ziona bezalakoa. Lurraldearen espoliazioak oso modu larrian ahuldu du departamenduko ondare komuna, irabaziak lortzeko asmoz nahiz aurrerapenaren izenean.
ROSMIRA SALAS LENIS
Puerto Salazarreko (Atrato Erdiko arroan) defendatzaile eta lider soziala
Lurraldea behar-beharrezkoa dugu bizirik irauteko. Gure zerizanaren oinarria da. Senidetasun-harremanak lotzen gaitu, eta batzuk harreman hori apurtzen saiatu dira, baina ez dute hala egitea lortu. Gure lurraldeko ibaiak eta oihanak dira gure seme-alaben etorkizuna

