Lurraldeak / Bakearen erronka / Chocó: Bakearen haziak / El 20 babeslekuaren mina
LUIS FERNANDO VELÁSQUEZ
Mendiaren behealdean bizi zen embera chami komunitateko buruak
Mendia ezin zela ukitu ohartarazi genien. Enpresari berari esan genion, eta alkatetzari. Baina makinak igo eta mendia zulatzen egon ziren urtebetez

2016ko ekainaren 9an, mendi bat erori zen El 20 izeneko babesleku indigenan, Quibdo-Medellin errepidean. Errepidea zabaltzeko lanek eragin zuten elurrausoa, hamarkadaz hamarkada agindu eta atzeratutako lanek.
Sonacol SA enpresa emakidadunak txostena argitaratu zuen, hiru hilabete geroago, embera komunitateari arrazoia emanez: mendiaren azpialdean faila geologikoa zegoen eta komunitateak arriskuan jarraitzen zuen. Luiziak hamahiru pertsona hil zituen, horien artean José Velásquez, Luis Fernandoren anaia; luizia gertatu eta hilabetera agertu ziren haren arrastoak.
Elurrausoarekin batera, embera komunitateak beste galera konponezin bat izan zuen: mendi-tontorra komunitatearen santutegia zen eta, bertan, jaibanek euren antzinako zeremoniak egin eta euren sendabelarrak biltzen zituzten. Jaiban horiek ere ohartarazi zuten mendia ezin zela ukitu. Bi urte igaro ondoren, mendi-hegaletik kanporatutako espirituak ez dira oraindik lasaitu.
LUIS EDUARDO GONZÁLES SAMANY
Katekesiko eta munduaren ikuskera indigenaren irakasle
Guk ondo ezagutzen ditugu gure babeslekuak. Baina, askotan, ez dira ezagutza horiek errespetatzen. Natura Amak indarkeria ugari jasaten ditu, eta hark ere sentitzen du mina

Luis Fernandok ere azpimarratu du errepideko handitze-lanen arduradunek eskaini dieten arreta eskasa: «Aldez aurretiko kontsulta egitera etorri zirenean, gauza harrigarriak azaldu zizkiguten. Baina ez gintuzten entzun. Dena erabakita zegoen artean».
Chocoko komunitate askok partekatzen dute kexa hori: kontsultaren legezko mekanismoa, euren lurraldeei buruzko erabakietan txertatu beharrekoa, izapide hutsal bihurtzen da askotan.
Elausoaren eraginez, chami komunitateko kideek euren lurretatik hainbat kilometrotara lekualdatu behar izan zuten, babeslekuaren behealdera. Dena den, gune horretan ez ziren denak sartzen eta familia batzuk mendiaren ondoan geratu ziren. Salmentan dagoen gertuko onibar zabal batera eraman ditzala eskatu diote Quibdoko alkatetzari. Dena den, kontseilu komunitario afroak ere eskatzen du onibarra, eta kudeaketa bertan behera geratu da.
DORA ELENA SEPÚLVEDA
El 20 babeslekuko lider eta Mahai Indigenako kidea
Gure komunitateek bat egin behar dute», adierazi du Dora Elena Sepúlvedak. Elkarrekin egin ahal izan diogu aurre gerrari, eta elkarrekin bagaude bakarrik eratuko dugu bakea

Dora El 20 babeslekuan hazi zen, eta bere aiton-amonengandik ikasi zituen chami komunitatearen hizkuntza eta jakituria. Babeslekuan eskola txiki bat baino ez zegoenez, Quibdon amaitu behar izan zuen batxilergoa, artean alaba bat zuela. 2005ean, Orewa erakundeko ordezkari gisa hautatu zuen bere komunitateak. 2008an, bere adiskideek erakundeko diruzain aukeratu zuten. Erakunde indigena bateko zuzendaritza-batzordera iritsi zen lehen emakumea izan zen.
Bitartean, berak ere komunitatearekin batera bizitu zituen gatazkaren gorabeherak. 90eko hamarkadaren erdialdean-edo, AUCk euren lurretatik kanporatu zituzten, eta bere lehengusu bat hil zuten. 2000ko hamarkadan, FARC taldeak kuartela instalatu zuen babeslekuan eta Armadak basea ezarri zuen haren inguruan: horrela, bada, bien tartean harrapatuta geratu ziren. 2014an, ELN sartu zen eta komunitatea basearen ondora mugitu zen. Gatazken intentsitatea zela eta, mendi ondora itzultzea erabaki zuten lur-jausia gertatu baino hilabete batzuk lehenago.
Ahots barea mantenduz, Dorak azaldu digu, urte horietan, gizarte-lanetarako ikasketak egin zituela eta hiru alaba eta seme bat hazi zituela; horiei laugarren alaba bat gehitu zaie, gatazkako biktimen umezurtz bat. 2018ko hauteskundeetan, hautagai gisa aurkeztu zen Chocoko departamentu-batzarrera eta, boto gehien jaso zituen indigena izan arren, kanpoan geratu zen 16 botoren aldeagatik.
El 20 babeslekuaren eta beste komunitate askoren pairamena ikusita, gero eta argiago ikusten du bide bakarra bakea dela. 2017ko abuztuan, Chocoko gizarte zibileko beste ordezkari batzuekin batera, gobernuaren eta ELNren arteko Elkarrizketa Mahaira joan zen «Akordio Humanitariorako Proposamena ORAIN! Choco departamenduan» proposamena aurkeztera, bi alderdiek armak alde batera utzi eta, behin betiko irtenbide politikoa adostu arte, Mahaian gera daitezela eskatzen duena.
Akordio Humanitario horren eskakizunen artean daude, halaber, talde armatu ilegalen deuseztapena eta emakumeen eta LGTBI komunitatearen kontrako indarkeriaren amaiera, baita koka-landaketen eta meatzaritza-ustiapenen amaiera ere. Diozesiak eta PACIPAZ itunak proposamena sustatu dute; izan ere, hura erabakigarria izan daiteke bake-prozesuaren gaur egungo bidegurutzean, batez ere ELNrekin elkarrizketak bertan behera uzten badira.
«Bakea elkarrekin eta elkarri entzunez bakarrik egin dezakegun prozesua da», gogorarazi zien Dorak Elkarrizketa Mahaiko ordezkariei. «Gu bakea eratzen laguntzen ari gara lurraldeetan, gure komunitate indigenek, afroek eta mestizoek bakea behar dutelako. Baina gobernuak eta ELNk ere jarri behar dute euren aldetik».
Gatazkak horrenbeste zigortu duen eskualde honen beste elkarrizketa-dei bat da. Egunez egun, bakearen haziak ereiten jarraitzen dute, egunen batean loratu egingo direlakoan.
