Lurraldeak / Bakearen erronka / Chocó: Bakearen haziak / Ametsa defendatzen
ESAUD LEMUS
ADACHO erakundeko liderra
Kalean bahitu eta nire etxean bertan torturatu ninduten. Gero, tiro egin zidaten

«FARC taldeak Bagadora lekualdatu ninduen 2000ko urriaren 21ean», adierazi du egun zehatza emanez, lekualdaketak bizitza aldatu zien beste biktima askok bezala. Aurreko urtean «arazoak» izan zituen Elmer Cárdenas Blokeko paramilitarrekin, herriko aurrekontuen buru gisa, alkatetzak emandako diruaren kontabilitatea egin nahi zuelako.
Mirariz, balak errebotatu eta bere harrapatzaileetako bat hil zuen. Esaud bizirik irten zen, baina paramilitarrek heriotzaren errua leporatu eta prezioa jarri zioten bere buruari. Gertakaria argitzeko, Alemaniarrarekin aurrez aurre hitz egitera joan zen, blokeko komandante odoltsuenetako bat. Harekin hitz egiteko saiakerek bere lekuz kanpo utzi zuten buruzagi paramilitarra, eta bertan behera utzi zuen zigorra.
Sei hilabete geroago, FARC taldeak Bagado hartu zuen. Bost polizia eta zibil bat hil zituzten, alkatetza eta epaitegia husteaz gain. Esaud izan zen handik joan behar izan zuten lehenengoetako bat.
Llorora goaz Esaud Lemusekin, Atrato ibaiaren eta Andagueda ibaiaren arteko elkargunera, legezko kontrako meatzaritzak eta gerrak gehien kaltetu dituen eremuetako bat. Bagado ur gora dago, hiru ordu ingurura, bera jaio eta 37 urtera arte bizitu zen herria. Ordudanik, bera ere ez da ia bisitan itzuli.
«1994an elurrausoa izan genuen, 1997an ELNren hartualdia eta, 2000n, FARC taldearena», adierazi du Esaudek. «Gero, legez kontrako meatzaritza iritsi zen, eta hark geratzen zen guztia suntsitu zuen». 2000ko hamarkadan, Andagueda ibaiaren arroa «dragoiez» bete zen, ibai-ibilguak eguneko 24 orduetan xurgatzen zituzten draga erraldoiez, alegia. Merkurioak arrantza desagerrarazi zuen eta, horrekin batera, sukar- eta beherako-epidemiak ekarri zituen. Urrearen dantzarekin, berriz, armak, bandak, drogak eta indarkeria iritsi ziren.
Lloro udalerriko oinezkoen zubitik oraindik ere garbi ikus daiteke «dragoiek» Andagueda ibaiertzean eragin zuten higadura. Joan den urtean, Atrato ibaiak gainezka egin zuen herriaren kontrako aldean, eta berarekin eraman zituen futbol-zelaia eta zenbait etxe. Udalerriko giroa ez da hangoa baino egonkorragoa. Azken hilabeteetan, AUG eta ELN borrokan aritu dira zorupeko baliabideak bereganatzeko helburuarekin, eta horrek are liskar, hilketa eta lekualdaketa gehiago eragin ditu.
Esaud giza eskubideen defendatzaile gisa izendatzen duen txartelarekin bertaratu da alkatetzan. Parrokoarekin hitz egin dugu, eta polizia-etxean argazkiak ateratzeko baimena eskatu dugu. Karmen Ama Birjinaren eguna da eta herri-erdia dago kalean. Bozgorailuetako musika eta konpartsen erritmo alaia entzunda, inork ez luke esango herriaren kanpoaldean gerra bizi denik. Ezta, Lloroko etxe askotan, telebistaz gain, ia altzaririk ez dutenik ere.
JUVER MORENO AYALA
Irratiko esatari eta ekoizleak, Pacipazen komunitate-igorgailuen sarera afiliatuta dagoen irratia
Lloron, pobrezia eta langabezia nagusitzen dira, herritar gehienek meatzaritzan lan egiten baitute. Horrez gain, prostituzio- eta drogazaletasun-arazoak ditugu, eta banden arteko liskarrak

Dena den, jendea lasaiago dagoela esan digu. «Habanako Akordioak nabaritu dira».
«Guk asko eskertu ditugu Akordioak», berretsi du Esaudek, irratitik irten bezain laster. «Horiei esker, bakearekin amets egiten jarraitzen dugu. Halere, egin dituzten aldaketa guztiekin iruzur egin digutela eta berriz ere biktima izan garela sentitzen dugu».
Kongresuko negoziazioan bertan, Habanan biktimentzat adostutako parlamentuko 16 eserlekuak ezabatu ziren. 2017an, Bakerako Jurisdikzio Bereziaren (BJB) irismena mugatu zen; izan ere, haren aurrean agertu beharra salbuetsi zitzaien enpresariei, funtzionarioei eta, oro har, gatazkan nahastutako zibil guztiei. 2018ko ekainean, delitu krudelak egin zituzten militarrentzat sala berri bat sortzea proposatu zuen Zentro Demokratikoak.
Proposamenak kritikak sortu zituen militarren aldetik, 2.000 inguru BJBren babespean jarrita baitzeuden artean. Hura Kongresuan onartzen ez bada, erreferenduma sustatuko dutela iragarri dute Zentro Demokratikoko bozeramaile batzuek. Hirugarrenen bazterketaz gain, proposamen horrek ahuldu egiten du biktimen egia ezagutzeko eskubidea, hau da, indar publikoaren, paramilitarismoaren eta hura finantzatu dutenen arteko loturei buruzko egia ezagutzeko eskubidea.
Bien bitartean, Esaudek aurrera jarraitzen du bere lanarekin. Lekualdatu zutenean, giza eskubideen defendatzaile bihurtu zen eta, ordudanik, Chocoko komunitateetan zehar ibiltzen da, horietan bizi diren pertsonak prestatu eta horiei laguntzeko helburuarekin, euren eskubideak ondo ezagutu ditzaten eta Estatuari horiek bete ditzala eskatu diezaioten. Lan nekeza da eta etengabeko mehatxuak jasotzen ditu. Esan digun moduan, goizero jartzen du bere bizia Jaungoikoaren eskuetan.
Hitza eta defendatzaile gisa izendatzen duen txartela dira bere armak. Hori eta bere eskubideak bakean gauzatzeko ametsa, Chocoko beste askorena bezala.
