KOLONBIA
Wounaan komunitatearen konfinamendua
EL CABILDO INDÍGENA WOUNAAN POBOR, EN EL KILÓMETRO 20 DE LA CARRETERA BUENAVENTURA-BUGA, ES UN EJEMPLO DE DESAMPARO Y MARGINACIÓN.
Lurraldeak / Bakearen erronka / Buenaventurako ahotsak / Wounaan komunitatearen konfinamendua
FRIGERIA QUIRO CHIRIBICO
San Juan Behean kokatuta dagoen Agua Clara Lurralde Humanitario eta Bioanitzeko Wounaan komunitateko kidea
Estatuak komunitateak babesten dituela dio baina erasotzen gaituztenekin dago

70 Legearen arabera, jatorri afrikarreko komunitateen titulu kolektiboak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak dira. Gauza bera aplikatzen zaie komunitate indigenen babeslekuei. Horiek guztiak baztertuta sentitzen dira, euren lurrak oraindik ere lugorriak izango balira bezala eta beraiek inolako eskubiderik gabeko herritarrak izango balira bezala.
Wounaan Pobor kabildo indigena, Buenaventura-Buga errepidearen 20. kilometroan, babesgabetasun eta marjinazio horren adibide bikaina da. Hura osatzen duten hamazazpi familiak Behe Calimako Babesleku Humanitario eta Bioanitzetik eta San Juan ibaiko komunitateetatik datoz, neoparamilitarrek handik bota ondoren. 2014an, elkarrekin finkatzea erabaki zuten, euren identitate kultura ez galtzeko helburuarekin. Dena den, ia ez dute bizirauteko baliabiderik.
Dauden lekura iristeko, 40 minutuz ibili behar dute 20. kilometrotik dagoen bidezidor batetik. Hara iristean, biztanleriaren dentsitateak Bogotakoa gainditzen du: 49 heldu eta 18 haur bizi dira, hektarea-erdiko lursail batean pilatuta. Lur horiek Behe Calimako Kontseilu Komunitarioak laga zizkien, ez zutelako nora joan. Ez dute edateko urik eta argirik, eta elkarrekin partekatzen duten komun bakarra sugez beteta dago. Buenaventurako distrituko zabortegia handik gertu dago eta aire kutsatuak haurrak gaixotzen ditu.
Estatuaren presentzia eskola korrokoil batera mugatzen da eta bertako irakasleak, hura ere Wounaan komunitatekoa, ez du ezertxo ere kobratu duela hainbat hilabetetatik. Familien Ongizaterako Institutu Kolonbiarrak janaria banatzen diete, arroz- edo latako atun-koilarakada bat baino ez bada ere, eguneko eta haur bakoitzeko. Norbait gaixotuz gero, Buenaventurara eraman behar dute. Emakume batzuk egunero joaten dira hirira, neskame gisa lan egitera, baina jateko baino ez dute irabazten.
ANEL CHIRIMÍA OBISPO
Kabildoko ohiko agintaria
Guk, indigenok, lurra behar dugu, lurra, ereiteko, arrantzatzeko eta ehizatzeko, eta gure seme-alabei jaten emateko. Hemen, kaiolatxoetan bezala gaude. Lau urte daramatzagu hemen sartuta. Komunitateetan gosea izaten dugu baina aurrera jarraitzen dugu. Eta ez hemen bakarrik, departamentu guztian baizik, herrialde osoan. Gure arbasoek bezala bizi nahi dugu, bakean, eta ez gerraren erdian

Kolonbiako Erakunde Nazional Indigenak (ONIC) emandako datuen arabera, ia Wounaan komunitate guztiak euren lurraldeen zati txiki batean konfinatuta daude. Gatazkako bandoek etxeratze-aginduak ezartzen dizkiete eta, horrez gain, arrantzatzea eta ehizatzea galarazten diete, baita euren laboreetan lan egitea eta euren eskulanetarako kanabera jasotzea ere. Norbaitek «arauak» betetzen ez baditu, zigortu egiten dute eta, gauez ateratzen bada, ez da etxera itzultzen.
Wounaan Pobor kabildoak 74 hektarea eskatu dizkio, Cauca Haraneko beste gune batean, Lurren Agentzia Nazionalari. Ez dute erantzunik jaso. Arriskutsua izan arren, errepidera irten behar dute euren eskubideak eskatzera eta protesta egitera. 2009an, Gorte Konstituzionalak desagertze-arriskuko komunitate gisa aitortu zituen, herrialdeko beste 33 etniarekin batera, lekualdatze behartuak direla eta.
Zentzu horretan, dio Frigeria Quirok, «gobernu berriak gerra gehiago ez ekartzea espero dugu».
Komunitateak beldur dira, Iván Duque presidente berriak bere buruzagi politiko Álvaro Uribe Vélezen politika gerrazaleak hartuko dituelakoan. Azken horren agintaldi bikoitzean, hiru milioi eta erdi pertsona lekualdatu zituzten indarrez eta, iturrien arabera, hiru eta bost milioi hektarea artean gabetu zituzten.
