KOLONBIA
Itxaropen guneak
ACOSADAS POR TANTOS FRENTES DE GUERRA Y DEFRAUDADAS TANTAS VECES POR EL ESTADO, LAS COMUNIDADES DEL PACÍFICO HAN CREADO LUGARES DE REFUGIO
Lurraldeak / Bakearen erronka / Buenaventurako ahotsak / Itxaropen guneak
ENRIQUE CHIMONJA COY
Justiziaren eta Bakearen aldeko Elizarteko Batzordearen (CIJP) Buenaventurako koordinatzailea den eta, urte horietan, Cacaricako komunitateei aholkularitza eta laguntza eman zien
Komunitateei euren lurretatik irten behar zutela esan zieten, Armadak FARC bonbardatu behar zuelako. Euren lurretatik irtetean, itzultzeko bermerik izango ez zutela konturatu ziren. Komunitateek argi ikusi zuten paramilitarren eta gatazka armatuaren helburua euren lurraldea bereganatzea zela. Orduan, gune eta esparru humanitarioak eraikitzeko estrategia sortu zen, gizon armatuentzat sarbiderik izango ez zutenak. Gune horietatik honako hau esan ziezaioketen mundu osoari: gu zibilak gara eta ez dugu gerra honetan parte hartu nahi

Horrenbeste gerra-frontez inguratuta eta Estatuak horrenbestetan huts egin ondoren, Pazifikoko komunitateek babeslekuak sortu dituzte, euren lurraldean bakean bizitzeko eta armak eta gizon armatuak bertatik ateratzeko eskubidea aldarrikatu ahal izateko.
2001. urtean hasi ziren gune horiek eraikitzen, Chocó departamenduko Atrato Behean Cacaricako Autodeterminazio, Bizi eta Duintasun Komunitateak sortu zirenean. Lau urte lehenago, arro horretako biztanleak euren lurretatik kanporatu zituzten, AUCk Armadaren XVII. Brigadarekin batera gauzatu zuen zorigaiztoko Genesi Operazioaren bitartez.
Agindutakoa bete ez zutenek beldurrezko kanpaina bizitu zuten: 82 pertsona hil eta 2.000 baino gehiago kanporatu zituzten euren lurretatik. Nazioarteko presioari esker, gobernu nazionalak horiek mantentzea hitzeman zuen, euren lurren titulu kolektiboa eman zitzaien arte. 2000. urtean, Cacaricako arrora itzuli ziren azkenean, CIDHk ezarritako kautelazko neurriekin. Ordurako, Madereras del Darién enpresa lurraldea deforestatzen hasia zen.
Cacaricako operazioak gero Pazifiko osora hedatu zen eredua sortu zuen: paramilitarrak eremu batera iritsi eta bertako liderrak hil, herritarrak beldurtu eta lurraldeaz jabetzen ziren; horren ondoren, lurraldea enpresa pribatuen eskuetan uzten zuten. Cacaricako komunitateen prozesu gogorrak ikasgai gisa balio izan zuen lekualdatutako komunitate askorentzat.
Estatuak bere eginbeharrak betetzen ez bazituen, kautelazko neurriak eskatzen zizkioten Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrari (CIDH), eta komunitateko bizitzaren eta osotasun fisikoaren erantzule egiten zuten hura. Gainera, neurriek murriztu egiten zituzten komunitateko kideak euren senitartekoen aurrean hiltzeko edo torturatzeko aukerak.
Bakean eta duintasunez bizitzeko desio horrekin, 2014an Puente Nayero Eremu Humanitarioa sortu zuten Buenaventurako La Playita auzoan. San Francisco kaleko ia familia guztiek —bertan dago kokatuta— jasan dituzte jazarpenak eta mehatxuak, eta ia denek dituzte desagertutako edo hildako senitartekoak. Hilketa horien atzean, hiriko ekonomia ilegala kontrolatzen zuten neoparamilitarrak zeuden berriz ere.
NORA ISABEL CASTILLO
Espazio humanitarioko lider eta bizilaguna
Edozer gauzagatik hil zezaketen pertsona. Haurrak kanpai-jole gisa errekrutatzen zituzten, eta gazteak drogak saltzeko. Gainera, emakumeak eta neskatoak bortxatzen zituzten. Bizilagun bat bere etxetik bota eta “txikitze-etxe” bihurtu zuten. Egunero eramaten zuten jendea bertan txikitzera, eta oihuak kale osotik entzun zitezkeen
Eremu hori sustatu zuten pertsonek mehatxu ugari jasan zituzten Justiziaren eta Bakearen aldeko Elizarteko Batzordeko eta CIDHko «gringoak auzora sartzeagatik», eta hark berehala ezarri zituen kautelazko neurriak. Defentsa Ministerioak sarbideak ixtea eta poliziaren zaintza eta perimetroa kontrolatzea agindu zuen; arazo guztiak ez desagertu arren, nolabaiteko barealdia ekarri zuen. Txikitze-etxea eraitsi zuten. Haurrek eta helduek berriz atera ahal izan zuten gauez kalera, ez itzultzeko beldurrik gabe. Conpaz sarearen, CIJPren eta nazioarteko hainbat erakunderen (Mundubat, PIB, Christian Aid eta Witness for Peace, adibidez) laguntzari esker, Puente Nayero lurralde baketsu bihurtu zen.
2016an, Punta Icacoko biztanleek —hau ere La Playitan— adibide bera jarraitu zuten, eta Punta Icaco Eremu Humanitarioa eraiki zuten, Etnien Arteko Antzinako Kai Kulturala. Neoparamilitarrek eremu horietara sartzen jarraitzen zuten eta indarkeriaren mehatxuak ere bere horretan jarraitzen zuen, baina biztanleak ez daude amore emateko prest.
LUZ ELVIRA CAICEDO
La Playita komunitateko buruzagiak eta giza eskubideen defendatzailea
Gu bertatik irtenarazten ari ziren. Eta hala egiten jarraitzen dute; ez bala bidez bakarrik, zerbitzuak ukatzen baizik. Nik 52 urte ditut eta mangladia hondakinekin betetzen ikusi ditut nire aiton-amonak eta gurasoak, gure etxea egin ahal izateko. 2013an, beste auzo batera joan behar izan nuen indarkeriagatik, baina eremu hori sortu zenean, itzuli egin nintzen. Gu ez bagaude, nork egin behar du borroka gurea denaren alde?

MARÍA EUGENIA RIASCOS
Conpaz sareko kidea
Lurraldea lurraldean bertan egonda defendatzen da. Bakea haren barnetik bakarrik eratu daiteke, komunitateen proposamenetatik, Estatuak erantzunik ematen ez duenean, guk geuk sortu behar baititugu bizitza duin baterako baldintzak. Horixe da eremu eta gune humanitarioen asmoa: lurraldea defendatzea eta, guztion artean, bake egonkorra eta iraunkorra eratzea
Asmo horrek talka egiten du neoparamilitarrek Puente Nayeron eta Punta Icacon gauzatzen jarraitu nahi duten kontrol sozialarekin, askotan, indar publikoen laguntzarekin. Kolonbiako beste lurralde askotan bezala, komunitateetako liderrek eta giza eskubideak defendatzen dituztenek jasaten dituzte mehatxu gehien.
KAREN VIVIANA COSIO VALAREZO
Punta Icacoko buruzagi eta Mariposas Sin Fronteras sareko kidea, 2011n, LGTBI komunitatearen eskubideak defendatzeko sortu zen sarea
Ni beldur naiz. Asko atsekabetzen nau bost urteko nire semea eta sei hilabeteko nire alaba gal ditzakedala pentsatze hutsak. Baina ez dut nire lana utzi nahi; nire seme-alabek nire komunitateko liderra, defendatzailea izan nintzela jakin dezaten nahi dut

Kalean bueltaka dabiltzan neoparamilitarrak sapa (salataria) zela oihukatzen hasi ziren, bere etxean, Conpaz sareko eta Justiziaren eta Bakearen aldeko Batzordeko pertsonekin biltzen hasi zenean. La Playitan bizi diren LGTBI kolektiboko gazteen alde egindako lanak ere jarri du mehatxupean. «Komunitateak diskriminatu egiten ditu, euren senitartekoek ukatu egiten dituzte eta askok prostituitu egin behar izaten dute jan ahal izateko», dio Karenek. «Biktima errazak dira. Jo edo hil egiten badituzte ere, inork ez ditu erreklamatzen. Poliziarengana salaketa jartzera joaten badira, kalera botatzen dituzte».
Mariposas Sin Fronteras proiektuaren helburua zentro okupazional bat eraikitzea da, pertsona horiek bizimodua atera dezaten. Momentuz, ez dute laguntzarik jasotzen erakundeen aldetik. Karenek berak hiru urte daramatza lanik gabe, portu-eragiketetan teknologo titulua izan arren. Mehatxuen harira, polizia-agente bat egunero bere etxera joan dadila agindu zuen Babeserako Unitate Nazionalak. Oso gutxitan animatzen da kalera irtetera.
Ekintza Komunalaren Batzarreko presidente John Jairo Sinisterra Sierrari egunero egiten dio bisita polizia-agente berak. Karen bezala, hura ere Mariposas Sin Fronteras sareko kide da eta heriotza-mehatxuak jaso ditu LGTBI kolektiboko buruzagi gisa egin duen lanagatik:
«Nik paramilitarren bitartekari batekin hitz egin nuen. Batzarreko presidente gisa, nire eginbeharra pertsona guztiak artatzea zela azaldu nion. Gazte hauekin, gizarteratze-lana egiten ari garela, komunitatearen mesedetan. Berriz ere beraiekin ikusten banaute hil egingo nautela esatera behartu ninduten».
Batzarreko presidente gisa, John Jairok eremu humanitarioko biztanleen beste kezka batzuk entzuten ditu egunero:
«Adingabeen prostituzio-arazoak ditugu, baita 11 edo 12 urteko nesken artean ere. Eremua zaintzen duten militar batzuek maitemindu egiten dituzte eta, gero, horiek haurdun utzi eta euren eskualdeetara itzultzen dira. STI (sexu-transmisiozko gaixotasunak) kasu asko daude. Era berean, mutil asko mikrotrafiko-banden kanpai-jotzaile gisa hasten dira, eta nerabe drogazale izaten amaitzen dute. Edo sikarioak».
Oro har, hilketek behera egin dute La Playitan. Nolanahi ere, 12 zenbakiko komunan eta beste sektore apal batzuetan handitu egin da desagertutako pertsonen kopurua eta, beldurragatik edo mesfidantzagatik, gutxiago salatzen dira. Indarrezko lekualdaketek ere gora egin dute hiri barruan, zifra zehatzik ez izan arren. Gobernu berriak eta Bake Akordioen ezarpenak sortu duen ziurgabetasunarekin, Buenaventura sistematikoki hustutako hiri bihurtu da berriz ere.
Karen Vivianaren semearen aita bere begien aurrean hil zuten. John Jairori amona, izeba bat, anaia bat eta lehengusu bat hil zizkioten itsasertzean zuen lursail txiki batengatik, eta ez du berriz itzultzeko aukerarik izan. Bere aita desagertu ondoren, Enriquek bera hazi zuen osaba hil zuten tiroak entzun zituen. María Eugeniak osaba bat galdu zuen poliziaren eraginez eta egunero gogoratzen da bere lagun Emilsen Manyomaz eta bere adiskide Joe Javier Rodallegaz, horiek ere buruzagi eta defendatzaileak. 2017an hil zituzten, Agua Dulceko portuaren eraikuntzari kontra egiteagatik eta Buenaventuran zigorgabetasunaren kontra borrokatzeagatik.
Dena den, pertsona horietako bakar batek ere ez ditu armak hartu, atsekabe pertsonala handia izan arren. Lurraldean eta komunitateetan sustraitzea eta, egunez egun, bizitzari eta galdu dituzten pertsona maiteen memoriari ohore egitea erabaki dute. Akordioek Kolonbiako txoko bedeinkatu horretara eraman ez duten bake itzurkor horren alde lan egiten jarraitzen dute, armadunen indarkeriarik gabe eta horiek finantzatzen dituztenen gutiziarik gabe, biztanle guztientzako nahikoa aberastasun egongo bailitzateke.
Erakundeek eta nazioarteko iritziak euren ahaleginak babesten eta horietan laguntzen jarrai dezatela eskatzen dute, hala, justizia izango duen herrialde bat eraiki eta duela mende-erdia baino gehiago hasi zen gerra horren egia argitu dadin. Luz Elvira Caicedoren hitzetan: «Munduak hemen jarraitzen dugula jakin behar du, gu hiltzen, desagerrarazten eta lekuz mugiarazten jarraitzen dutela, alegia. Ez gaituztela ahaztu».
