Euskal udalerriak hasi dira ‘babes sarea’ josten

Azaroaren 18tik 22ra, zazpi ekintzaile ekarri genituen Mexiko, Honduras, Kolonbia, Mendebaldeko Sahara eta Palestinatik, eta hainbat euskal udalerritan zehar bidaiatu zuten euren borroken berri emateko: Ea, Hernani, Errenteria, Agurain, Irun, Durango eta Amorebieta.

Hauek izan ziren gurekin egon ziren giza eskubideen defendatzaileak:

  • Lurraren, lurraldearen eta ingurumenaren defentsa. Ana Rosalía Tiul Quib de Caal, Comité de Unidad Campesina (CUC). Guatemala.
  • Eskubideen defentsa erakunde feministetatik. Emilie Chantal de Wolf, Consorcio Oaxaca. Mexiko.
  • Lurraldeetatik bakea eratzen. Olga Araujo Casanova, NOMADESC. Kolonbia.
  • Pazifikoko komunitate afrokolonbiarren eskubide kolektiboak. Leyla Andrea Arroyo Muñoz, Comité del Paro Cívico de Buenaventura. Kolonbia.
  • LGBTIQ+ komunitatearen eskubideak eta sexu aniztasuna. Esdra Yaveth Sosa, Asociación LGBT Arcoíris. Honduras.
  • Okupaziopean giza eskubideak defendatzen dituzten emakumeak. Assalah Abu Khdeir, Union of Palestinian Women Committees (UPWC). Palestina.
  • Eskubideen defentsarako mugimenduaren kriminalizazioa eta jazarpena. Brahim Dahane. Asociación Saharaui de Víctimas de Violaciones de Derechos Humanos (ASVDH). Sahara.

 

Harrera ekitaldia Errenteriako udaletxean.

Zergatik etorri ziren bisitan, baina? ‘Herri Babesarea’ izeneko ekimenari esker izan genituen gurekin. Ekimen hori Nazioarteko Bake Brigadak erakundearekin batera kudeatzen dugu, eta helburua giza eskubideen defendatzaileen babeserako euskal udal sarea sortzea da. Udal administrazioen, euskal erakunde sozialen eta Hegoaldeko herrialdeetako giza eskubideen defendatzaileen indarrak batzen hasteko intentzioarekin eduki genitun gurean, beraz, ekintzaile guzti horiek.

Lehen geltokia Ea izan zen. Ana Rosalía Tiul Quib de Caal (Guatemala), Emilie Chantal de Wolf (Mexiko) eta Leyla Andrea Arroyo Muñoz (Kolonbia) izan ziren Bizkaiko herri horretan, lurraren eta lurraldeen defentsaz hitz egiteko. Ezinbestekotzat jo genuen hori izatea jorratu beharreko gaietako bat, Latinoamerikan erahiltzen eta mehatxatzen dituzten defendatzaileen gehiengoak horren alde borrokatzen baitu. Lehendabizi udaletxearekin bildu ziren eta, ondoren, ekitaldi irekia izan zuten herritarrekin.

Hurrengo egunean, Errenterian eta Hernanin izan genituen ekintzaileak. Errenterian harrera ederra egin zieten udaletxean Guatemala, Kolonbia eta Saharako defendatzaileei. Errenterian bizi diren beste ekintzaile batzuk ere gonbidatu zituzten harrera horretara. Hernaniko Udalak ere ekintzaile hernaniarrak gonbidatu zituen harrerara eta, ondoren, ekintza irekia eskaini zuen Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren omenez. Mexiko, Honduras eta Palestinako ekintzaileen hitzak entzun ondoren, zera adierazi zuen Hernaniko ekintzaile feminista batek: “Indarkeriaren espresioak ezberdinak badira ere, borroka amankomunak ditugu, eta indarra ematen digu beste lurraldeetako kideek egiten duten lana entzuteak”.

Agurainera bidaiatu zutenak Mexiko eta Palestinako defendatzaileak izan ziren. Udalaren harreraren ondoren, herri Arabarreko emakumeen erakundeekin bildu ziren ekintzaileak. Bitartean, Irunen izan genituen Honduras, Kolonbia eta Guatemalako defendatzaileak oso ekintza berezi batekin: hiru institutu bisitatu zituzten eta ikasleekin euren esperientziak partekatu zituzten. Arratsaldean, udaletxean egin zieten harrera.

Bira amaitzeko, Durangon izan ziren Guatemala, Kolonbia eta Saharako ekintzaileak, eta Honduras, Mexiko eta Palestinako defendatzaileak Amorebieta-Etxanora joan ziren. Durangon kafe-solasaldia antolatu zuten herritarrekin Udalaren harreraren ondoren. Amorebietan, udaletxean bildu ziren eta gero emakumeen eskubideen eta LGTBI komunitatearen eskubideen defentsa izan zen ekintza irekiko eztabaida-gaia.

“Ez dakizue, benetan, ze baliogarria den guretzat ekintza hauetan parte hartzea”, esan zuen Emilie mexikarrak. “Normalean, Europara gatozenean, Bruselara goaz gure eskubideak aldarrikatzera edota egoerak salatzera, baina ez dugu herriekin zuzeneko loturarik. Behetik, herrietatik, eraikitzea ere ezinbestekoa da eraldaketa erreal bat sortzeko”.

Eztabaidarako dinamikak sortzen erakunde sozialekin, Donostian.

Aniztasunaren baitan, elkartasuna

Asteartean, azaroak 19, Donostiako Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultatera joan ziren giza eskubideen defendatzaileak, bertako erakunde sozialekin ideiak partekatzeko. Hainbat dinamika erabili genituen eztabaida sortzeko. Besteak beste, halako galderak bota genituen: Zer nolako aukerak ikusten dituzu halako ekimen batean? Zein erronka?

Ekintzaile bakoitzak aparteko istorio bat zuen kontatzeko. Assalah palestinarrak, esaterako, okupazioaren aurka borrokatzen duen erakunde feminista baten kide denez gero, bi erronka nagusi aipatu zituen euren borrokan: “Bi sistema borrokatzen ditugu: okupazioa eta patriarkatua. Apartheid sistema batean bizi gara eta ez dugu protestarako eskubiderik. Erakundearen bulegoa ere itxi digute”. Hori da, hain zuzen ere, Union of Palestinian Women Committees erakundearen helburuetako bat: euren aldarrikapenak aske egitearen alde borrokatzea.

Esdra hondurarrak patriarkatua ere aipatu zuen bere hitzaldietan, baina sexu aniztasunaren eremutik. “LGTB eskubideen alde egiten dugu Comayaguelan (Tegucigalpako zonaldea). Besteak beste, LGTB komunitatearen aurkako delituak aztertu eta erregistratzen ditugu, zigorrik gabe gera ez daitezen. Hondurasen ez dugu LGTB biztanleria babestuko duen legerik eta, halakoak bultzatzen ditugun bitartean, guk geuk egiten dugu egunerokotasuneko lan hori”.

Guatemalatik etorritako Ana Rosalía lurraren jabetza eta berreskurapenaz solastu zen. “Eragin politikorako egiten dugu lan, bidegabekeria asko gertatzen ari direlako Guatemalan lurraren defentsari dagokionez”, hasi zen hizketan CUCeko kidea. “Alta Verapaz eskualdean, 800 familia txiro kanporatu zituen kainabera enpresa batek. Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren (CIDH) aurrean salatu genuen egoera eta, momentuz, 350 familiak besterik ez dute lortu etxebizitzarako eta osasunerako eskubidea. Gainera, erresistentzian bizi diren familiak atxilotzen saiatzen dira”.

Giza eskubideen defendatzaileak Aguraingo emakumeen erakundeekin.

Emilie mexikarrak Oaxacan emakumeen eskubideen alde egiten duten lana azaldu zuen. “Consorcio Oaxaca erakundea duela hamasei urte sortu zen. Hasieran, helburu nagusia ‘feminizidioen’ aurka borrokatzea zen. Gaur egun, zabalagoa da gure lana: formakuntzak egiten ditugu gazteeki, sareak sortzen ditugu, giza eskubideen defendatzaile diren emakumeak babesten ditugu, eragin politiko eta juridikoa sustatzen ditugu…”

Azken Berriak