Zu, hura, ni eta gu guztiok gara Ahots Defendatzaileak
Idazlea: Sandra Beatriz Moreno Sorto. Itzultzailea: Larraitz Fagundez Osa.
Giza eskubideen defendatzaileek arazo eta oztopoei aurre egin behar diete etengabe. Arazo horiek munduko bazter ezberdinetan topatu arren, globalak diren heinean, konponbide globala emango dien hiritargoa biltzen du Ahots Defendatzaileak plataformak. Ekimena Mundubat GKEak eta Bakearen Aldeko Brigada Internazionalek (PBI) jarri dute martxan. Urriaren hasieran aurkeztu zen plataforma Madrilen, Donostian eta Bilbon.
Aurkezpen ekitaldietan izan dira Donny Reyes, Honduraseko Arcoíris LGTB elkarteko kidea; Brahim Dahane, Giza Eskubideen Urraketen Biktima Sahararren Elkarteko presidentea; eta Carlos Páez, Tierra y Paz taldeko kidea (Kolonbia) eta Madrid Protege ekimenetako partaidea. Aipatutako hiru elkarteek herrialde propioetako problematika zehatzei erantzuten dieten arren, konponbideak bilatzeko eta jarduteko moduak antzekoak dira. Batez ere, informazioa zabaldu, sentsibilizatu eta kontzientzia kritikoa sortzeko lanetan.
Ahots Defendatzaileen plataformak lau ikerketa argitaratu ditu orain arte: Etengabeko arriskuan (Honduras), Bakearen erronka (Kolonbia), Lurra edo bizia (Guatemala) eta Emakumeen eskubideak defendatzen (Mexiko). Laster egongo dira eskuragarri Mendebaldeko Saharan eta Palestinan burututako ikerketak ere.
Plataformak oso espazio zabala hartzen du, barnebiltzen dituen borrokak anitzak dira. Horrela behar du, Donny Reyesen arabera, “borroka batzuk ahazteko joera dagoelako munduan. Hondurasek, adibidez, komunikabideen arreta du krisi politikoak direla eta, baina ez dute horiek biztanleen bizitzetan dakarren kalteaz hitz egiten, ezta sektore jakin batzuetan duten eragin zuzenaz ere, LGTB komunitatea kasu”. Hondurasen homosexualitatea legeak zigortzen ez badu ere, Reyesek salatzen duenez, LGTB komunitateak ez du legearen babesik.
Bozgorailuak

Donny Reyes LGTB ekintzailea Donostiako aurkezpenean. (Berria.eus-etik ateratako argazkia: JON URBE / FOKU)
Hiritargo globalari eta plataformara batzen diren erakundeei eskatu nahi zaie ikerketak zabaltzeko, ekintzak eta estrategiak elkarbanatzeko, horrela, elkarrekin sarea indartu eta giza eskubideak defendatu ahal izateko.
Mónica Alonsok (Mundubateko Giza Eskubideen Departamentuaren arduradunak) mahai gainean jarri bezala, plataformak etorkizunean aukera asko sortzeko gaitasuna du, erakundeen arteko hartu emana dela eta. Lehen urratsa sei erakunde protagonisten arteko dialogo zuzena sortzea izango da eta, aurrerago, beste 20 edo 30 elkarte batuko dira elkarrizketara. Gainera, topaketak egingo dira Euskal Herrian eta sarean (on-line). Hori izango da aurrera eraman diren estrategiak elkarri kontatzeko beta, hutsegiteak eta arrakastak partekatzekoa, eta prozesu luze baten ondoren, informazio kolektiboa sortzekoa.
Politikariak eta alderdiak zerbait egitera behartzeko jardueren garrantziaz jardun du Dahanek, beharrezkoa baita horien inplikazioa Mendebaldeko Sahararen okupazioa amaitzeko eta herri sahararrak justizia irabazteko. Dahaneren arabera, “babes sare handia izatea gure eskubideen defentsarako gakoa izan daiteke”, izan ere, “saharar herriaren eskubideen aldeko intzidentzia geldituta dago, erabakiguneen hierarkian gora egin ahala ateak ixten dizkigute, horregatik zaigu beharrezkoa elkarteak batu eta gure borrokaren bozgorailu izatea. Mendebaldeko Sahararen askapena auzi juridikoa da izatez, baina tartean sartzen dira Espainiar Koroak eta Gobernuan dauden alderdi nagusiek Marokorekin dituzten interesak”.
Gauzak horrela, Ahots Defendatzaileen plataforman Dahaneren helburua “eztabaidak proposatzea eta zabaltzea da, eta baita plataforman bertan sortuko diren beste ideiak geurera ekarri eta erabiltzea ere”.
Saretzearen garrantzia
Reyesek aukera berriak ikusten ditu antolatuko dituzten foroetan, “beste gai batzuekin egingo den harremanak irekierak ekarriko dituelako”. Helburua Honduraseko estatu atzerakoian nolabait eragitea da. Horretarako, beste gobernuek emandako giza eskubideei dagozkien gomendioak jasotzeaz eta 2020ko Aldizkako Azterketa Unibertsalari begirako ekimenak antolatzeaz hitz egin du. “Plataforma oso garrantzitsua izango da. Gure eskubideak defendatuko ditugu. Bizia dagoen heinean, bizitza defendatu behar dugu eta mundu hobearen alde borrokatu”, aldarrikatu du hondurastarrak.
Páezek, bestalde, ondo ezagutzen du bizirik irauteko borrokaren esanahia. Kolonbian 75 pertsona erahil dituzte jadanik lurraren defentsan borroka egitearren. “Gobernua ez da garapen sozialaren aldekoa, dirua du lagun. Emakumeak hil egiten dira ospitaleetako itxarongeletan. Horrek ez dakar bakerik, indarkeria baino”, mintzatu da Páez.
Horrelako eskubideen urraketak eta bizitzaren aurkako erasoak ezagutarazi eta salatzea da Ahots Defendatzaileen plataformaren helburua. Legeak eta Bake Akordioak ez betetzea, lurralde eta nazioen okupazioak, desplazamenduak, jazarpenak, erailketak eta bestelako erasoak salatuko ditu plataformak. Donnyk esan bezala, “saretzeak asko laguntzen du, gure bizitzak babesten ditu eta egoeraz hitz egitea ahalbidetzen du. Horrelako plataformek bestelako mundu batekin amets egiten laguntzen dute”.
Asko dago oraindik egiteko. Dahane, Reyes eta Páez ari dira jadanik batzen dituen horretan hartu-emanak bilatzen eta elkarri borrokan laguntzen. Páezek esan bezala “batzen gaituenaren arabera artikulatuko gara”.
ESTEKAK
Berria egunkarian artikulua. Egin klik hemen
La 2-en (RTVE) albistea (gaztelaniaz). Egin klik hemen
Ahots Defendatzaileak plataformaren webgunea. Egin klik hemen
