Lurraldeak / Gorputza eta ahotsa / Israelek armak ditu, guk geure gorputzak / Israelen inpunitatea
Israelgo Estatuak bere proiektu espantsionista indarrean jartzen du, nazioarteko komunitatearen ezintasunaren aurrean.
Dirudienez, delituzko ekintza horiek ez dute oihartzunik nazioarteko komunitatean —behin eta berriz azaldu dira, nazioarteko erakundeek eskatuta, NBEko batzordeetan, Batzar Nagusian bertan edo Segurtasun Kontseiluan—, ez baitute kondena eredugarririk gauzatzen Israelen aurka. Salaketa-txostenak egiten dituzte asko jota, edo batzordeek aurreratutako ikerketak, azken horiek frogatzen baitute herriaren minak eta sufrimenduak inolako zalantza izpirik gabe dagoeneko frogatzen dutena.
Israelen krimenak begien bistakoak dira, eta Estatu hori eguzkia hatz bakar batekin estaltzen saiatzen ari da horiek ukatzean. Ez da NBE gai palestinarraren inguruko zigorgabetasun-panorama etengabe aztertzen ari den erakunde bakarra; izan ere, giza eskubideak sustatzeko eta babesteko funtzioa duten gizarte zibileko ehunka erakundek eta batzordek egiten diete aurre ezintasun-egoera deseroso horri.
Herritar palestinarrek funtsezko euren eskubideen etengabeko urraketa jasaten duten bitartean, ikerketa, txosten, salaketa formal eta NBEren ebazpen guztiak «paper errean» geratzen dira. Azkenean zigorgabetasuna nagusitzen da nazioarteko agerlekuan, eta Israelek lurrak bereganatzeko bere proiektu espantsionista mantentzen du, lurralde-zatiketan eta apartheidaren bidez, eta etnia-, erlijio- eta kultura-irizpideetan oinarrituz.
Mitologia grekoan, «Ortos» bi buruko txakurra zen. Herkules arduratu zen hura hiltzeaz. Orto Cancerberorekin lotu ohi da, infernuen zaintzailearekin. Mito horrek modu mingarrian durundi egiten du Israelek Palestinaren aurka gauzatu duen zitalkeriaren historian. Kontakizun mitiko hori argi eta garbi islatzen da potentzia okupatzailearen asmoan, hark —Estatu Batuek babestuta— labirinto baten antzera zatitutako infernu bihurtu nahi baitu Palestina (Gaza, Zisjordania eta Ekialdeko Jerusalem).
Pertsona asko daude kartzeletan atxikita, aire zabalean, blokeatuta eta atsedenik gabe astinduta. Beste asko isolatuta eta bakartuta daude, harresien, kontrol-postuen, ate metalikoen eta beste banaketa mota batzuen bitartez. Horrez gain, inbaditzaile israeldarren koloniek lurrak lapurtzen dizkiete, baita lur horiek ematen dituzten baliabideak ere.
Duela gutxi egindako adierazpenetan, kolonia horiek legezkotzat jotzeko borondate politikoa agertu zuten Estatu Batuek, eta beraz, Jerusalem de facto eta de jure hartzeko bere babesa emango dio Israeli. Bidezko bake-irtenbide oro urrundu egiten da konparazio mitologiko horretan, «Ortosaren» arriskuaren aurrean, Herkulesik egongo ez balitz bezala, bi buruko txakurraren presentziari behingoz amaiera eman ahal izateko.
