Zer da giza eskubideen emakume defendatzailea izatea Palestinan?
Herri osoaren eskubideak defendatzen dituen emakume baten azalean jartzea ez da zitalkeriaren deskribapenak irakurtzea bakarrik; hori baino zertxobait zailagoa da. Enpatia etikoko kontua da, bidegabekeriarik aipaezinenak bizi dituen lekuarekiko.
Palestina «hartutako etxea» bezalakoa da. Indarrez hartu dute etxea. Jazarpen-mekanismoek ñabardura asko dituzte; Israelek zehaztasun zital handiz antolatu ditu horiek guztiak. Etxea kolonizatu eta horma berriak jarri ditu egongelaren eta sukaldearen artean. Dagoeneko ezin da sartu sukaldean. Israelek familia banatu eta sotoan giltzaperatu ditu izeba-osaba eta iloba guztiak. Patioko atetxoa blokeatu eta horma artean sartu ditu leihoak. Israelek sotoan eta logeletan pilatuta geratu direnak hil arte itxarongo du, altxatutako horma horiek kolpatzeari uzten dioten arte. Gizon-emakumeak eta neska-mutilak oihu egiten hasi dira, eta beraz, okupatzaileek ezin dute atseden hartu. Orduan, solairu bat bestearekin komunikatzen duten zirrikituetatik, Israelek izutu eta mehatxatu egiten ditu.
Palestina «hartutako etxea» bezalakoa da.
Ez da fikziozko kontaketa. Hori da aurpegi zehatzik gabeko Estatu horretako herritarrek egunez egun jasaten dutena, mundu modernoaren axolagabekeriaren aurrean. Israelen okupazio kolonialak historia luzea du. XX. mendearen hasieratik gaur arte. Historia horrekin batera, erresistentziaren urrats irmoak antzematen dira. Erresistentzia horrek emakumearen aurpegia du.
Gaur euren gorputzak jartzen dituzte, antolatuta eta esperientzia luzean oinarrituta. Gorputz kolektibo moduan aurre egiten diote giza eskubideen urraketa-zerrenda luzeari. Egoera ilun hori gutxi ez balitz, Israelen aparatu juridikoak zenbait mekanismo eratu ditu errepresiozko ekintza kriminal nabarmena blindatzeko. Horietako bat administrazio-atxiloketak dira. Horien bitartez, inolako arrazoirik gabe zigortzen da mobilizaziorako, protestarako eta modu askean elkartzeko eskubidea, zaurgarritasun-egoeran daudela sentitzean, euren eskubideen alde oihu egitera irteten direnen artean. Paroxismora ere iristen dira prozedurak. Protestei atxiloketen eta torturen bidez erantzuten diete, eta, kasu batzuetan, baita adingabeen atxiloketen bidez ere. Horra hor Palestinan giza eskubideen emakume defendatzaile izateak zer esanahi duen.
